Ertz Jaialdiaren 14. edizioa irailaren 5etik 8ra Beran

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 4a

Gerraren soinua hartu dute aurten ardatz, «danborretatik hasi eta gerra modernoen ustezko isiltasunetaraino»

Aurten ere erakusketak, instalazioak, kontzertuak, zine emanaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Alde batetik, azken 14 urteotan bezala, jaialdiak Beran gauzatuko du lehenbiziko atala, ekitaldi «berezi eta ezohikoz betea», eta bertzetik Donostian, hirugarren urtez segidan, 'Hirugarren belarria' entzumenari eskainitako hitzaldi zikloa, gerraren eta soinuaren arteko loturak ertz desberdinetatik erakutsi eta eztabaidatzeko.

Aurten ere erakusketak, instalazioak, kontzertuak, zine emanaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Alde batetik, azken 14 urteotan bezala, jaialdiak Beran gauzatuko du lehenbiziko atala, ekitaldi «berezi eta ezohikoz betea», eta bertzetik Donostian, hirugarren urtez segidan, 'Hirugarren belarria' entzumenari eskainitako hitzaldi zikloa, gerraren eta soinuaren arteko loturak ertz desberdinetatik erakutsi eta eztabaidatzeko.

Ortzegunetik igandera Beran

Ortzegun arratsaldeko 8etan emanen diote hasiera 'Hegi, Egi, Egiak' emanaldi hirukoitzarekin (Kultur Etxean, Beralandetan eta Altzateko elizan). 1813ko testuingurua abiapuntu hartuta, garaiko erreferentziak eta gaur egunekoak konbinatuz, musika, soinu, hitz eta bertsoekin osatuko dute emanaldia Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak. Emanaldi hirukoitza eta aldiberekoa da: hiru emanaldi izanen dira hiru leku desberdinetan eta aldi berean. «Hiru 'Hegi' desberdinetan 'Egia' bana, 'Egiak', alegia. Ikus-entzuleak hautatu beharko du bere ikuspuntua, bere entzute-puntua».

Ortziral arratsaldeko 6etan, Asier Gogortza argazkilari beratarraren erakusketaren irekiera programatua dute Beralandetan. Hormigoizko Paisaiak (Concrete Landscapes) izenarekin. Camera Obscura teknika erabiliz, bunkerretako pareten zurruntasuna eta paisaien kolore eta forma organikoak nahasiz, paisaia imaginario berriak sortzeko. Beranduago, arratseko 9etatik aitzinera, Jose Mari Zabala artista irundarraren Parental Advisory Lyriccs film emanaldian  izanen da Kultur Etxean.

Larunbatean ere bi hitzordu proposatu dituzte. Lehenik, arratsaldeko 6etan Itziar Markiegik kontzertua eskainiko du Kultur Etxean: Jana Jan, «tripa, testura, akats eta landa-grabaketen nahasketa eta dekonstrukziotik sortutako atmosfera saturatuak, inprobisazioak eta soinuaren plastizitatea». Gero, arratseko 10etatik aitzinera, kontzertu gehiago iragarri dituzte: Jose Luis Maire, Colin Hacklander&Farahnaz Hatam eta Desinformation arte proiektua.

Igandean, azkenik, goiz-arratsaldez garatuko da programa. Goizeko 11etan Gerra Kulturen Paisaioak hasiko da. Berako herrian garai desberdinetako gerrek utzi dituzten arrastoei jarraikiz, ibilaldi gidatua proposatzen dute Fernando Mikelarena historialariak eta Jakoba Errekondo paisaijistak. Entzumenari eta gerraren kulturak sortutako soinu eta zaratei bereziki erreparatuz, Altzateko plazatik hasi eta Berako plazaraino doan bidea eginen dute. Gero, egunpasa gelditzen diren entzuleentzat bazkaria izanen da Gure Txokoa Elkartean. Eta bazkalondokoak ere Gure Txokoan bertan izanen du segida. 17:30etik aitzinera, Atabalarien martxa eta Azken Guda (Dantzarik ez). Antolatzaileek diotenez, «ezohiko emanaldi honek ez du gerraren birsorkuntza izan nahi, danborrek eta bolborak lehertzerakoan egiten duten soinuak erabiliz sortutako musika konposizioa baizik». 

Asteartetik ortzegunera Donostian

Datorren astean Donostiara mugituko da Ertz 14. Hala, datorren asteartean, irailak 10, bi hitzaldi proposatzen dituzte Artelekun: 17:30ean Peter Cusack 'kazetari sonikoak', 'leku arriskutsuetako soinuak' izanen du mintzagai eta, ondotik, 19:00etan, Joe Banks hitzaldia izanen da toki berean.

Asteazkenean ere bertze bi hitzaldi daude programatuak. ALKUk Less Lethal 2. saila 18:00etan eta ordu bat beranduago, 19:00etan, Eduardo Gil Berak Gerraren Jainkosa greziar epikan.

Eta 14. edizioari bukaera emateko, ortzegunean, irailak 12, hiru hitzordu daude aurreikusiak. Arratsaldeko 6etan Udal Liburutegi Zaharreko sotoan Khantoria-ren kontzertua izanen da. Ondotik, 19:00etan Ander Berrojalbiz-en solasaldia izanen da toki berean: 'Artea, artifizioa ezkutatzean datza' izenburuarekin. Eta bukatzeko, 20:00etan, Karlos Sanchez Ekizaren solasaldia: Walkirien garrasiak bezain sutsua zen ezpata-dantza Amaya Operan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun