Udako oporraldiaren ondotik, irailaren 3an ireki ditu berriro ere jubilotekak ateak. Astearte eta ostegunetan eskainiko dute aurrerantzean zerbitzua. Berako Lagun Handiak Elkartean bilduko dira 10:00etatik 13:00etara, Ramoni Ordoki psikologoarekin. Aurtengoan 18 lagunek eman dute izena eta iaz bezalaxe, lagunarte ederrean ariketa fisikoak, mentalak eta sozialak landuko dituzte.
Familia zainketan laguntzea eta mendekotasunaren prebentzioa lantzea dira Jubilotekaren helburu orokorrak eta horretarako ariketa desberdinak eginen dituzte, luzaketak, oreka, kontzentrazioa, harreta... landuz.