Larunbat arratsean, Berako Herriko Etxeko Plaza eta eliza inguruak leporaino bete ziren herri antzezpena ikustera bildutako jendearekin. Arratseko 9ak pasatuxean hasi eta ordu bat eta laurden inguru iraun zuen ikuskizunean 100 lagun inguruk parte hartu zuten antzezle, abeslari, musikari, dantzari, bertsolari eta bertze hainbertzeren artean. Jendea arras gustora gelditu zen emaitzarekin, bai antolatzaileen aldetik eta baita ikusleen aldetik ere.
Eta igande eguerdian, San Migel zubiaren bi bazterretan ere jendetza bildu zen oroitzapen ekitaldia parte hartzera. Goizeko lehen orduan ekitaldi pribatua egin zuten Britainia Handitik etorritako ordezkariek eta, gero, hamabietatik aitzinera, oroitzapen ekitaldi instituzionalak hartu zuen txanda. Rikardo Abrilek eman zion ongi etorria harat hurbildutako jendeari San Migel zubiari ahotsa jarriz eta segidan Marisol Taberna alkateak ere hitz batzuk egin zituen eskertuz azkeneko bi urteotan zubia berritzen eta mendeurren programa aitzinera eraman duten guztiei. Gero, Bera eta Lesakako dantzariek bi herrietako banderak dantzatu zituzten zubiaren gainean eta bi herrietako bandek ere elkarrekin jo zuten ekitaldiaren hondarrean. Ikusi argazki albuma.