Duela 200 urte Napoleonen eta aliatuen armaden arteko gudek inguru honetan sortutako triskantzak oroitzeko, erakusketa eta herri antzezpena antolatu dute Beran hurrengo egunetarako. Taldeak argi du «helburua ez dela guda bera oroitaraztea, harek herritarrengan utzitako ondorioak ezagutzera ematea baizik». Bortzirietako herritarrak izan ziren gehien sufritu zutena guda hura, baita gertaerak izan eta hainbat hilabete geroago ere, gosea, izurriteak eta pobrezia guztiz zabaldu baitzen Bortzirietan.
Hala, abuztuaren 24an erakusketaren irekiera egin zuten Kultur Etxean eta, hurrengo larunbatean, abuztuaren 31n, herri antzezpena eginen dute Herriko Etxeko Plazan. Gero, irailaren 1ean, oroitzen ekitaldia iragarri dute San Migel zubiaren gainean.
Erakusketa zabalik egonen da irail erditsu arte
Irekiera larunbat arratsaldean egin dute Kultur Etxean eta egunero zabalik egonen da arratsaldeko 5etatik 8etara. Panelen bitartez, garai bateko ilustrazio zaharren erreprodukzioak, zubiaren argazki zaharrak eta berriak, testu eta plano esanguratsuak, ikasleek egindako zubia, maketak eta bertze hainbat gauza bitxi daude ikusgai.
Herri antzezpena abuztuaren 31n
Gertaera historiko haiek modu ikusgarriagoan oroitzeko, abuztuaren 31n herri antzezpena eskainiko dute Herriko Etxeko Plazan arratseko 9etatik aitzinera. Juan Ignacio Oiartzabalek prestatutako gidoiaren gainean, ehunen bat herritar ariko dira herri antzezpenean, aktore, musikari, abesbatza, txalapartari, dantzari eta bertsolarien artean. Duela 200 urteko bizimodua eta gizarte zibilean gerrak utzitako ondorioak izango dira antzezpenaren muina.
Irailaren 1ean, oroitzapen ekitaldia
Duela 200 urte irailaren 1ean gertatutakoak oroitzeko ekitaldi berezia prestatu nahi izan dute Berako Udala eta San Migel Zubiko Lagunen artean. Gertaera historiko haien ondorioak inguruko herrietan ere berdin sufritu zituztela kontuan hartuta, eskualdeko udal eta hautetsiek ere parte hartuko dute San Migel zubian bertan gauzatuko den ekitaldian. Bera eta Lesakako dantzari eta musika bandek lagunduta, bi herrietako banderak dantzatuko dituzte zubi gainean. Hitzordua eguerdiko 12etan San Migel zubian.
Jendea larunbatean eta igandean baserritarrez jantzia ateratzeko deia
Antolatzaileek (San Migel Zubiko Lagunek eta Berako Udalak) dei berezia egin nahi diete jende guztiari: bai larunbateko herri antzezpenera zein igandeko oroitzapen ekitaldira baserritarrez jantziak agertzeko.