Agerrako bestak igandera arte

Ttipi-Ttapa 2013ko abuztuaren 22a

Gaur ilunabarrean haurren danborrada eginen da. Txaro Zubieta.

Ortzegunetik igandera, kirol txapelketak, lehiaketak eta besta giroa zabalduko da

Dagoeneko dena prest dute Berako Agerra auzoan bestei hasiera emateko. Gaur ortzeguna, arratsaldeko 20:00etan, helduen futbito txapelketaren finala iragarria dute programan, eta ortziraletik igandera bitarte ekitaldi saila izanen dira.

Dagoeneko dena prest dute Berako Agerra auzoan bestei hasiera emateko. Gaur ortzeguna, arratsaldeko 20:00etan, helduen futbito txapelketaren finala iragarria dute programan, eta ortziraletik igandera bitarte ekitaldi saila izanen dira.

Ortziralean, abuztuak 23, 16:30ean 16 urtetik beheitikoentzat futbito txapelketa jokatuko dute eta 18:00etan tortilla lehiaketa eginen da. 19:00etan, kantuzaleentzat gustagarri izanen den jarduera antolatu dute aurten: Agerra Kantari. Ordu berean ere, gazteen frontenis txapelketaren finala jokatuko da. Txapelketa eta lehiaketa hauen guztien ondotik, 20:00etan botako da ofizialki bestei hasiera emanen dien altxaferoa. Ondotik haur eta helduen danborrada izanen da eta 21:30ean auzoko afaria. Afalondoan, DJ Endarak animatuko du giroa.

Larunbatean, 09:30ean Berako IX. 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko da eta ordu erdi beranduago plater tiroketa Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatuta. 12:00etan gaztetxoen esku pilota partidak eta 12:30ean erraldoi eta buruhaundiak auzoan barna ibiliko dira Irats taldeko trikitilarien laguntzarekin. Ondotik, frontenis txapelketaren finala jokatuko da. Arratsaldean, 15:00 aldera, haurrentzako jokoak izanen dira eta 18:00etan XXXII. Luis Mª Apeztegiaren oroimenez, kros herrikoia hasiko da, Manttale lasterketa taldearen laguntzarekin antolatua. 20:30ean Gure Txokoa dantza taldeak saioa eskainiko du eta 00:00etatik aitzinera DJ Endara ariko da.

Igandea, abuztuak 25, izanen da Agerrako bestetako azkeneko eguna. 12:00etan meza izanen da eta ondotik erraldoiak eta buruhaundiak txistulariekin. 14:30ean herri bazkariaren txanda izanen da eta 18:00etan Tor magoak emanaldia eskainiko du. Ondotik txokolatada eginen da eta ilunabarrean Jalisko Band taldearekin dantzaldia izanen da. Atsedenaldian bingoa ere izanen da.

Besta hauek Berako Udalaren laguntzarekin antolatu dituzte auzotarrek.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun