Kaskezur, Gibelurdinek, Kop, Xutik eta DJ Elepunto larunbat honetan Arantza Rocken

Ttipi-Ttapa 2013ko abuztuaren 22a

Joan den urtean jendetza bildu zen Arantza Rocken. Irudian Esne Beltzaren kontzertua.

Arantzara joateko eta bueltatzeko Bortzirietan Bestabusa zerbitzua eskainiko da

Kontzertuak 22:30ean hasiko dira Arantzako plazan eta sarrera dohainik izanen da. Hori baino lehen, ilunabarrean poteo musikatua izanen da Kostaldeko nafarrekin. Arantzako Gazte Asanbladak antolatuta, 18. Arantza Rock jaialdia izanen da larunbatekoa.

Arantzako Gazte Asanbladak antolatuta, larunbat honetan Arantza Rock jaialdia eginen da Arantzan. Aurtengoa jaialdia egiten den 18. aldia izanen da eta 22:30etik aitzinera hauek izanen dira Arantzako plazan kontzertua eskainiko duten taldeak: Kaskezur, Gibelurdinek, Kop, Xutik eta DJ Elepunto. Sarrera dohainik izanen da.

Kontzertuak 22:30ean hasiko badira ere, ilunabarrean poteo musikatua izanen da Kostaldeko nafarrekin. Eta arrats guztian bokatak eta txozna izanen dira.

Aurtengo taldeak

Kaskezur Baztandik heldu den taldea da eta 2003an hasi zuen bere ibilbidea. 2004an lagunen artean banatutako maketaren garaiak gibelean utzita, Itzulera kapsularik gabe espaziora bidalitako azken zakurrak izena daraman autoekoiztutako lehenengo diskoa kaleratu zuen eta Entzun musika aldizkariak Euskal Herriko 2008ko diskorik onenen artean sartu zuen. 2010ean, Gure jokua izeneko beraien hirugarren lana kaleratu zuten.

Gibelurdinek taldea Bizkaitik datorren laukoteak osatzen du eta folka jorratzen dute. Taldeak egiten dituen soinu eta erritmoek Finlandia, Balkanak, Bretainia, Irlanda, Okzitania, Euskal Herria, Italia... ukitzen dituzte eta tradizioen desmitifikazioa, herrialde desberdinen folkloreak euskalduntzea eta aldarrikapenerako tartea ere eskaintzen dituzte.

Xutik! taldea Lapurdi eta Nafarroa Beherako hainbat herritatik datozen 9 neska-mutilek osatzen dute. Taldeak bere lehen lana 2010ean atera zuen, Mukaki Zpirit izenekoa. Baina lehen diskoa izanagatik ez zaie esperientziarik falta taldekideei eta aski ezagunak dira Euskal Herriko txoko ugaritan. Orain, Bultzaden Balada izeneko azken diskoa aurkeztu berri dute eta aurtengo Herri Urratseko edo Herrirako abestien egileak izan dira. Musika anitza eta bizia eskaintzen digu taldeak eta punk, rock, ska eta reggae estiloko doinuak entzun ahal izanen ditugu Arantzan.

KOP hardcore-punk estiloko Kataluniako musika talde bat da. 1998an sortu zen Speereth taldearen errautsetatik. Talde hartako hiruk sortu zuten proiektua. KOP taldearen letrek kritika soziala eta politikoa lantzen dituzte hiru hizkuntzatan: euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz. Orain arte bortz lan kaleratu dituzte: Internazionalista (1998), Ez Etsi edo No et rendeixis (2001), Ofensiva (2001), Nostrat (2007) eta Acció Directa (2010).

DJ Elepuntok borobilduko du Arantza Rock 2013 jaialdia.

Bestabusa

Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ekimenez, Bortzirietan Bestabusa zerbitzua eskainiko dute Arantzara joateko eta itzultzeko. 5 euro ordaindu beharko dira joan-etorria egitearen truke.

Beratik 20:45ean, 23:15ean eta 02:30ean aterako dira Arantzara joateko autobusak. Toki Ona Institutuko aparkalekutik aterako dira autobusak eta Agerran geldialdia eginen dute.

Lesakako suhiltzaileen aparkalekutik 21:00etan, 23:30ean eta 02:45ean aterako dira Arantzara joateko autobusak.

Etxalarko Landaburutik 21:15ean, 23:45ean eta 03:00etan aterako dira autobusak.

Igantziko Bi-Bide paretik 21:30ean, 00:00etan eta 03:15ean aterako dira Arantzarako autobusak.

Itzulerako autobusak, berriz, Arantzako aparkalekutik aterako dira: 21:45ean, 00:15ean (hau Igantzi eta Etxalarrera bakarrik joanen da), 03:30ean eta 06:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun