1813ko irailaren 1a zen. Ingeles eta frantziar soldaduenn arteko gudaleku bihurtu zen Bera eta Lesaka arteko San Migel zubia. Historia liburuetan aunitzetan aipatu izan den pasadizoa da. Itzalean gelditu izan dira ordea, Bortzirietan guda hark utzi zituen ondorioak. Isilean hondamena, gosea eta gerra ondorenak eragindako hildakoak. 200. urteurrenaren harira, San Migel Zubiko Lagunek begirada orduko herritarrengan paustu eta hitzaldiak, antzerkia... prestatu dituzte. Auzolanean zubi xaharra ere berritu dute: historian atzera egiteko zubia izaten segi dezan etorkizunean.
Ez zen euskaldunen gerra, baina bere ondorioak jasan behar izan zituzten Bortzirietako herritarrek "borroka baten antzeztoki izateko zoritxarra izan zutelako" azaldu digu Fernando Mikelarena historialariak. San Migel Zubiko gudaz ari da solasean, baina baita ondorengo urteetaz ere. Bertakoentzako zoritxarra ez zelako amaitu irailaren 1ean zubi gainean azken tiro hotsa entzun zenean. San Migel zubiko batailaren ondotik, urriaren 7 eta 9 artean etorri zen Berako Bigarren Gudua, Manttale, Larunttiki eta Larun mendietan. Dena den guda horiek baino kalte haundiagoak utzi zituen atzean azarora bitarte iraun zuen tropa ingeles, portugaldar eta espainiarren egonaldiak.
HILDAKO ZIBILAK
XVIII. mende amaieran Bortziriak 7.000 bizanle inguruz osatutako eskualdea zen. Lesaka eta Berak, 2.000 biztanle inguruko populazioa zuen eta Etxalarrek 1.400, Arantzak 1.000 eta Igantzik 600 inguru. Nekazaritza eta abeltzantzatik bizi zen gehiengoa eta soldaduen oldeak beraien egunerokoa hankaz gora jarri zuen.
Weelington jeneralak zuzentzen zituen tropek elikagai ia guztiak beretzat hartu zituzten. Merkatua bertan behera geratu zen eta herritarrek arto ekoizpen osoa eta gari gehiena galdu zuten. Bazka gabezia, ganadu galera haundiak ere eragin zituen. Horren ondorioz, 1813ko abuztutik 1814ko urtarrilera arte 550 hildako izan ziren (biztanleriaren %8a).
ONDORIOAK
"Gosea eta armadak konfiskatutako uzten ondorioz, biztanleriaren %8 inguru hil zen".
Fernando MIKELARENA (Historialaria)
LURREN BANAKETA
Tropa frantsesen zergak, miaketak... jasan zituzten eta Udalek ere egoera ekonomikoari buelta emateko zuzeneko eta zeharkako zergak igo eta herri lurrak saldu zituzten. Lurrik baliotsuenak merkatari eta industria arloko pertsonek erosi zituzten. Kalse ertainekoek berriz, bordak, gaztainondoak eta lurrak erosi zituzten luberritzeko. Lurren %4,2a eskuratu zuten 300 erreal baino gutxiagoko errenta zutenek (populazioaren erdiak).
TESTIGANTZAK
Garai hartako testuak bizi zen egoera larriaren ispilu zirela azaldu du Mikelarenak "Larpent epaileak ekainaren 18an idatzitako testu batean aipatzen zuen frantziarrek Lesaka hustu zutela. Ez zutela ogirik, lasto apur bat soilik eta zazpi egun zeramatzatela zaldientzat pentsurik gabe eta belarra ere eskas zutela".
"Bera suntsituta dagoen herrixka handi bat da. Lesaka ere ez da toki osasuntsua, ikuilu zahar baten parekoa da eta herritar aunitz hiltzen dira bertan"
Larpent, 1813ko urriaren 9an
Cooke ezizenez sinatzen duen beste soldadu batek honela deskribatzen zuen egoera: "inguruko artasoro guztiak ipurditik atera dituzte eta eraman. Horren ondorioz, nekazarietako asko ezer gabe geratu dira eta elikagai gutxi batzuekin biziraun beharko dute".
Bazterretan pilatzen joan ziren hilotzen inguruan ere bada aipamenik, Larpentek abuztuaren 14an idatzitako testu batean aipatzen du "orain dela hilabete bat Bera herri ttiki polit bat zen (...). Eskualdeko arto berde gehiena atera dugu geure zaldientzat (...). Ez da bazka idorrik izanen aziendentzat udazkenean, ezta neguan ere. Lasto zerbait bazen, baina hori ere jana dago, eta gari nahiz arto gehiena desegin dute edo hartua dago (...). Beldur naiz herritarrek ez ote dute gosea pasatu beharko neguan, bertze lurralde bazuetara emigratzen ez badute, hori egin beharko baitute askok, eta hemen gelditzen bagara nonbaitetik ekarri beharko digute jana". "Orain ari ari gara ibar hauetan geronek eginaren ondorioak sumatzen: ezin da luze ibili zaldi, mando eta gizon hilen usaina aditu gabe".
EGOERARI BUELTA
Demografia aldetik "susperraldia nahiko azkarra" izan zela erran digu Fernando Mikelarenak. Ekonomia aldetik ordea korapilatsugoa izan omen zen berreskurapena, udaletxeek zorrak kitatzeko zailtasunak izaten segi zutelako. Eraikinetako asko guztiz suntsitu zituzten, bertzeak erre eta herritarretako aunitzek hutsetik hasi beharra izan zuten. Hutsetik, hutsa nagusitzen zen inguruan.
OROIMEN HISTORIKOA
Historia kontatzerako orduan ikuspegi militara batetik jaso izan dituzte gertatutakoak. Militarren izen abizen, boneta eta armen inguruko xehetasunak nagusitzen dira. Tropa ingeles eta frantsesen arteko gudalekua izan zela irakurri dugu liburuetan, ikusi filmetan baina inguruan utzi zuen arrastoaz ahaztu izan gara. Marisol Tabernak, Berako alkateak ere hala aipatzen zuen "San Migel zubiaren inguruan denok aditu dugu izan zela guda bat. Baina urte horretako udaberri eta uda partean, gure mendi eta herrietan egondako soldadu oldeaz ezer gutxi dakigu. Zubikoa gudatxoa izan arren, gerra honen dimentsioa handia izan zen eta baita ondorioak ere. Herri osoa egon zen gainezka eginda". Hutsune hori bettzeko asmoz sortu zen duela bi urte San Migel Zubiko Lagunak taldea.
EMAITZAK
"San Migel Zubiko Lagunak taldekoek egindako lanak herriaren historian zegoen hutsune bat betetzeko balio izan du"
Marisol TABERNA (Berako alkatea)
SAN MIGEL ZUBIKO LAGUNAK
2011ko irailean elkartu zen lehenengoz herritar talde bat, urteurrena zela eta zerbait egin behar zela pentsatuta. Ixa Ordoñez eta Iñaki Oiarzabal taldekideek azaldu digutenez lehenengo bileretan argi ikusi zuten zein zen eman beharreko lehenengo pausua "zubia egoera tamalgarrian zegoen, erdi erorian eta konpondu beharra zegoen". hortik aitzinera, astean bitan, astearte eta ostegunean, egin dute hitzordua zubian, auzolanean berritze lanetan aritzeko. Hainbat lanbidetako pertsonak, erretiroa hartutakoak gehienak, elkartu dira. Norbere abilezia eta ilusioa izan dituzte lehengai nagusiak, ez baitute dirulaguntzarik izan proiektua aurrera eramateko. "Gure bizkarreko minekin ari gara ordaintzen egindako lanak" aitortu digu Iñaki Oiarzabalek baina "ahaleginak merezi du". Berako udalak materiala eman diete eta Lesakako Udalak berriz, komentu inguruko harriak.
LANEN FRUITUAK
"Agitz gustora gaude zubian egindako lanarekin emaitzak begi bistakoak direlako".
Iñaki OIARZABAL (San Migel Zubiko Lagunak)
ZUBI BERRITUA
"Zubia xehatua zegoen eta ikaragarria izan da herritar boluntario hauek egindako lana".
Marisol TABERNA (Berako alkatea)
URTEAN ZEHAR EKIMENAK
Ixa Ordoñezek azaldi digu, 1813ko gertakarien inguruan informazioa zabaltzeko beharra ikusi zutela "ezjakintasuna handia zenez, informazio bilketa bat egin behar izan genuen". Hitzaldi saioak ere izan dira, herritar orori zabalduak eta harrera bikaina izan dutela diote. Ikastetxeekin ere lanketa bat egin eta zubiaren inguruko solasaldiak egin dituzte eta lehen hezkuntzako ikasle guztien artean, zubi sinboliko bat marraztu dute. Dena den, abuztuaren 31 eta irailaren 1ean izanen dira urteurreneko ekimen nagusiak, Iñaki Oiarzabalek osatutako gidoia taularatuko dute. "Gogotsu" daude parte hartzaileak, eta ez dira gutxi, "adin guztietako musikari, dantzari, aktoreak... izanen dira taula eta zubi gainean". Guztiek bat eginda, "gaur egungo herritarrek duela 200 urteko herritarrei eginen diegun omenaldi polita izatea nahiko genuke".
IRAILAREN 1EAN
"Zubi gainean gatazka armatu bat irudikatu beharrean, armak musika eta dantzarekin ordezkatuko ditugu".
Ixa ORDOÑEZ (San Mgel Zubiaren Lagunak)
200. URTEURRENEKO EKITALDIA
Abuztuak 31, larunbata
21:00 Herritarrek osatutako ikuskizuna, herriko Etxeko plazan. Aktoreak, musikariak, dantzariak, bertsolariak... parte hartuko dute.
Duela 200 urteko bizimodua eta gizarte zibilean gerrak utzitako ondorioak izango dira ikusgai.
Irailak 1, igandea
12:00 San Migel zubi berrituaren inaugurazioa.
Lesaka eta Berako musikari eta dantzariek emanaldia eskainiko dute.
SAN MIGEL ZUBIA 1813-2013 LIBURUXKA
Orduko lekukotzak, testuak eta irudiak bildu dituzte
San Migel Zubiko Lagunek, urteurrenaren harira, San Migel Zubia 1813-2013 liburuxka argitaratu dute. Zuri beltzeko argazki, grabatu, postalak eta lehenengo pertsonan kontatutako lekukotzekin osatu dute. "Gerrek zeharka populazio zibilaren gainean nolako eragina duten erakutsi eta ohartarazteko" balio dezakeela uste dute eta bide batez, "dokumentu guzti hauek etorkizunerako altxatzeko". Salgai jarriko dituzte liburuxkak eskuratu nahi duen ororentzat. Liburuaz gain, erakusketa bat ere jarriko dute martxan abuztu erdialdean. Eta taldeak lanean segiko du etorkizunean ere, San Migel zubiko harri bakoitzaren azpian, gordetzen den historia zatia denborak ezabatu ez dezan.