Cultur 2013 programaren barnean antolatua, kontzertua eskainiko du gaur asteazkena 20:30ean Altzateko Plazan Le Swing Dixieland Band taldeak. Nafarroako goi mailako musika kontserbatorioaren inguruan sortutako musika-proiektua da eta jazzaren esparruan eskarmentu luzea duten kontserbatorioko bost irakaslek osatzen dute banda.
Taldeak tema-bilduma zabala eskaintzen du, New Orleansen jazz musika sortu zenetik bere erritmo bizi-biziarekin mundu erdiko dantza-aretoak bere egin zituen swing estilo ahaztezineraino. Besteak dibertituz dibertitzea da Le Swing taldearen asmoa. Dixieland soinua alaia da, dudarik gabe; gorputza balantzaka mugituz, hatzak klaskatuz edo burua mugituz erritmoari jarraitzera gonbidatzen du, interpretatzailearengandik entzulearengana zabaltzen den efektu magnetiko bat sortuta.