Birziklapen erritmora bukatu dira Berako bestak

TTIPI-TTAPA 2013ko abuztuaren 7a

Joan den urteko geldialdiaren ondotik, batzuk ederki ibili dira migattuen aitzinean. Utzitako argazkia

Luis Mari Retegiri omenaldia eskaini zioten Udalak, Gure Txokoak eta Bortziriak pilota elkarteak

Joan den urtean bezala, jasangarritasunaren aldeko herri bazkariarekin bukatu ziren abuztuaren 6an Berako bestak. Arratsaldean, birtziklapen kanpainarekin bat egin duten ostatuetan barna Erritmo taldearen batukada ibili zen. Baina bertze ekitaldi ugari izan dira bestetan. Ikusi argazkiak

Joan den urtean bezala, jasangarritasunaren aldeko herri bazkariarekin bukatu ziren abuztuaren 6an Berako bestak. Arratsaldean, birtziklapen kanpainarekin bat egin duten ostatuetan barna Erritmo taldearen batukada ibili zen. Baina bertze ekitaldi ugari izan dira bestetan. Ikusi argazkiak

Erraterako, igandean, profesionalen arteko pilota partida nagusiaren aitzinetik, omenaldia eskaini zitzaion Luis Mari Retegiri, 26 urtez pilota irakaslea izan denari. Udalak, Gure Txokoak eta Bortziriak pilota elkarteak beraien oroigarriak eman zizkioten eta familiarekin batera argazkia atera zuen. Aipatzekoa da joan den urtean Nafarroako Gobernuak Kirol Merituari emandako Zilarrezko Domina eskaini ziola eta orain herritarren omenaldia jaso du.

Bertzetik, aipatzekoa da berriz ere migattuak ibili direla Herriko Etxeko Plazan, joan den urteko geldialdiaren ondotik. Jende ugari hurbildu zen ikuskizunaz gozatzera eta parte hartzera igande eta astelehen arratsaldean.

Astelehena kantuen eguna izan zen. Labiaga ikastolak, iaz bezala, kantu bazkaria antolatu zuen frontoian eta Bera Kantari ekitaldia ostatuz ostatu ibili zen. Lesaka eta Berako txarangetako kideek urteroegin ohi duten bilkura ere egin zuten. Bazkaldu, elkarrekin kalejiran jo eta garai zaharrak gogoratu zituzten.

Asteartean, herri bazkaria eta batukadaz gain, dantza herrikoiak izan ziren Altzate karrikan eta Gaztextebanen jautsiera ere egin zen gauerdian, Kaxerna Gaztetxeak antolatutako ekitaldiak bukatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun