Joan den ortziralean Toki Ona-Bortziriak saskibaloi taldekoek botatako txupinazoaren ondotik, asteburu mugitua izan dute Berako bestetan. Ortziral arratsaldez ohiko jaialdia eskaini zuen Gure Txokoa dantza taldeak Eztegara pilotalekuan. Larunbatean, San Esteban egun handia ospatu zuten eta igandean ere hainbat ekitaldi izan zituzten, tartean pilota partidak. Orain, azken txanpan sartuak daude bestak.
Ortziral arratsaldeko dantza jaialdian errepertorioko 13 dantza eskaini zituzten Gure Txokoako 210 bat dantzarik: Txulalai, Aldapeko, Makiltxiki, Polkak, El Ciego, Banako, binako eta launako, Polka irlandarra, Izaskun, Polka kontradantza, Leitzimaita, Korteseko zintadantza, Ortzegunak eta Akabo. Frontoiko goiko harmailek segurtasun neurriak betetzen ez dituztela eta itxi egin behar izan du bestetan udalak. Horregatik, normalean baino jende guttiago bildu zen jaialdian. Horren kontrako protesta bezala, San Esteban egunean dantzariek agurra ukatu zieten udal agintariei. Berako bandera igarotzerakoan arkua egin zioten makilekin dantzariek, baina alkate-zinegotziak pasatzerakoan bizkar gainera bildu zituzten makilak. Egun handiko mezan laguntzen, Berako semea den Koldo Esteban Ugalde apeza ere aritu zen. Meza ondotik, bandera dantzatu zuen Xanti Altzugurenek eta ondotik Bordondantza Gure Txokoako dantzari nagusiek, Mikel Agara buru zutela. Berekin batera, Mikel Goienetxe, Xabi Altzuri, Iñaki Eskudero, Patxi Xastillo, Asier Goia, Joseba Pikabea, Joseba Bidaurre, Joseba Marizkurrena, Mikel Esnaola eta Igor Lanz aritu ziren dantzari. Segidan, ttikienak ere atera ziren eta taldeka Makildantzak eskaini zituzten. Hemen, helduen taldean, Javier Pikabea, Jon de la Cruz eta Mikel Moreno batu zitzaien taldeari. Ikusi argazkiak
Gero, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus aritu ziren kantari.
Arratsaldean, Aurreskuaren eta bertze dantzen txanda izan zen. Hemen, neskak ere aritu ziren dantzari: Naia Esnaola eta Maddalen Jimenez kapitainak eta Leire Barrutia, Ainhoa Larretxea, Izaskun Agara, Alaitz Aguilar, Amaia Espinosa, Ainara Velez, Eider Pikabea, Hegoa Telletxea, Maialen Mikelarena, Amaia Leiza, Iratz Udaeta eta Elixabet Irazoki. Mutilen artean, Javier Pikabeak eta Mikel Morenok bate zuten aurresku eta atzesku lanak.
Dantza saioaren ondotik, musika bandak bere emanaldia eskaini zuen, erraldoiak bertan zirela eta gero dantzan ere aritu ziren erraldoiak. Neska dantzariek ere, ohikoa bihurtzen ari den Bordondantza eskaini zuten Altzate karrikan.
Igandean ere hainbat ekitaldi izan ziren: igeriketa txapelketa, Gaztetxe bazkaria Altzateko plazan, Incansables txaranga San Jose Zahar Etxean…
ASPEko profesionalen arteko bi pilota partida ere jokatu ziren. Lehenbizikoan, Gonzalez eta Merinok 22-17 irabazi zieten Apezetxea eta Laskuraini eta partida nagusian, beterania nagusitu zitzaion gazteen indarrari, Xala eta Barriolak 22-14 irabazi baitzieten Jaunarena eta Zabaletari. Joan den urteko geldialdiaren ondotik, migattuak ere ikusi ziren Herriko Etxeko Plazan. Gaur ere aterako dira.
Azken txanpa
Abuztuaren 5ean, astelehen goizeko 09:00etan Musika Eskolako trikitilari eta pandero joleak Suspelan, eta Ezpelur gaiteroak Kaule auzoan ibiliko dira. 11:00etatik 13:30era puzgarriak Eztegara pilotalekuan 12:30ean Erraldoiak eta buruhandiak Ezpelur gaiteroen laguntzarekin Agerran. 13:00etan Kukaña, Illekuetan. 14:00etan Kantu bazkaria Altzateko pilotalekuan, Labiaga ikastolak antolatua. 16:00etan Txikiteo herrikoia Errekaldetik hasita. 16:00etatik 18:30eraPuzgarriak Eztegara pilotalekuan. 18:00etan Kukaña, Illekuetan. 19:00etan Bera kantari Illekuetatik hasita ostatuz ostatu. 19:30ean Migattuak Herriko etxea plazan. 21:00etan Dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin Altzateko karrikan. Ondotik Zezensuzkoa aterako da Altzateko karrikan. Gauerdian Dantzaldia Saltoka taldearekin Altzateko plazan.
Abuztuaren 6an, astearte goizeko 09:00etan Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleak eta Ezpelur gaiteroak Garaitarreta eta Suspelttiki auzoetan ibiliko dira. 09:00etan Plater tiroa, ehiza ibilaldia modalitatean, beratarrentzat. Antolatzailea: Berako Ehiza eta Arrantza Elkartea. 10:30ean Herriko pilotarien pilota partidak: benjaminak, alebinak, infantilak eta helduak. Antolatzailea: Gure Txokoa Elkartea. 12:00etan Erraldoiak eta buruhandiak Altzatetik Herriko Etxera, Ezpelur gaiteroak lagunduta. Agurra Erraldoi eta Buruhandiei Berako plazan. 14:30ean Herri Bazkaria eskolako frontoian. Platera, edalontzia eta mahai tresneria eskura tzeko: 5 €. Material hori itzultzean berreskuratuko da dirua. 17:00etan Ezpelur gaiteroek San Jose Zahar Etxean joko dute. 18:00etan Kukaña, Illekuetan. 19:00etan ‘Erritmo’, Birziklapen Batukada. Antolatzaileak: Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitatea, Nafarroako Gobernua, CRANA, Ecovidrio eta Ecoembes. 19:30ean Kontzertua Altzateko plazan Joxe replay taldearekin. Antolatzailea: Beragazte. 21:00etan Dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin, Altzateko karrikan. Ondotik Zezensuzkoa aterako da Altzateko karrikan. 23:00etan DantzaldiaTrikidantz taldearekin Altzateko Plazan. Gauerdian Gaztexteban Jautsiera (Gizajoa ni) Egunean zehar Incansables Txaranga karriketan ibiliko da.