San Miguel zubiaren inguruko ekitaldiek segida izanen dute abuztuan eta irailaren 1ean

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 31

San Miguel Zubiko Lagunek auzolanean egindakoa erakusteko eta inauguratzeko ere aprobetxatuko dituzte ekitaldiak. TTIPI TTAPA

Gudaren 200. Urteurrena gogoratuz ekitaldi ofiziala eginen da irailaren 1ean

San Miguel zubiaren gudaren bigarren mendeurrena gogoratzen segitzen dute Berako Udalak eta San Miguel Zubiko Lagunen elkarteak. Orain, abuztuan zehar eta abuztuaren 31 eta irailaren 1ean eginen dituzten ekitaldien berri eman dute.

San Miguel zubiaren gudaren bigarren mendeurrena gogoratzen segitzen dute Berako Udalak eta San Miguel Zubiko Lagunen elkarteak. Orain, abuztuan zehar eta abuztuaren 31 eta irailaren 1ean eginen dituzten ekitaldien berri eman dute.

Orain artean, lau hitzaldi eman dituzte adituek gaiaren inguruan eta azkenekoa Antonio Valderrabanol eskainiko du abuztuaren 16a, zubiaren historiaren eta gorabeheren inguruan.

Horretaz gain, abuztuaren 19tik irailaren 15era erakusketa zabalduko da Kultur Etxean, garai hartako ilustrazio, pertsonaien soslaia eta ilustrazioak eta Fernando Mikelarenak prestatutako testuekin. Dena bertan biltzea ezinezkoa denez, liburuxka bat ere argitaratuko dute. Gainera, Berako ikasleek marrazkien bidez eraikitako zubia ere ikusgai izanen da erakusketan.

 

Herri antzezpena abuztuaren 31n eta ekitaldi ofiziala irailaren 1ean

Baina bigarren mendeurreneko ekitaldi nagusiak abuztuaren 31n eta irailaren 1ean eginen dituzte.

Abuztuaren 31n, larunbat gaueko 9:00etan 1813 urteko Berako gertaeren herri antzezpena eginen da, herriko talde ezberdinen partehartzearekin. Berako banda, Uxane taldea, Musika Eskolako txistulariak, Gure Txokoako dantzariak, Emaitza antzerki taldea, Berako Abesbatza, rock taldeak, txalapartariak, ehiztarien muadrilla, auzokideak, bertsolariak eta Petti kantaria ariko dira, “pastoral moduko antzezpenean”.

Irailaren 1ean, berriz, igande eguerdian, 1813ko bortziritarren omenez ekitaldi ofiziala eginen da. Izan ere, frantses eta ingelesen arteko guda baino gehiago, Bortzirietan utzi zituen ondorioak eta orduko bizilagunak gogoratu nahi dituzte, “guda kutsu guzia kendu nahi izan diegu ekitaldiei eta bakearen aldeko ekintzak egin”, aipatu zuten aurkezpenean.

Ekitaldi ofizialean Berako eta Lesakako musika bandek joko dute. Berako eta Lesakako dantzariek ere, bi herrietako dantza berezienak dantzatuko dituzte, Bordondantza eta Zubigainekoa eta Berako eta Lesakako ikurrak dantzatuko dituzte.

2012an eta 2013an zubian egindako moldaketa lanak inauguratzeko eta erakusteko ere aprobetxatuko dute eguna. Gauez argiteria ere jarri dute zubian eta aski ikusgarria gelditu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun