Joan den urtean hasitako ohiturari eutsiz, bere bezeroen artean tonbola egin du Beako Larun Haizpe merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteak. Denera 40 opari banatu zituen uztailaren 27an, larunbat arratsaldean Altzateko Plazan.
Eguraldi bikaina lagun, jendetza bildu zen plazara. Beraien txartelak saridunak ote ziren begiratzeaz gain, taloa, txistorra, ardoa eta sagardoa dastatzeko aukera ere izan zuten. Gainera, aurtengoan, aulki batzuk ere paratuak zituen Larun Haizpe elkarteak, adineko jendean pentsatuz. Giro ederrean eta arin joan zen arratsaldea, ordu eta laurdenean sari guziak banatu baitzituzten.