Aitziber Almandoz aranztarrak arnasketa-fisioterapiaren inguruko lehiaketa bat irabazi du

Ttipi-Ttapa 2013ko uztailaren 26a

Aitziber Almandoz arnaztarrak urteak daramatza fisioterapeuta gisa haurrekin lanean.

'Arnasketa-FIsioterapia Hezkuntzan' izeneko lana saritu du Lovexair Fundazioak

Lovexair irabazi asmorik gabeko fundazioa da, arnasketa arazoak eta biriketako gaixotasunak dituztenei eta hauen zaintzaileei eta osasungintzako profesionalei laguntza ematen aritzen den erakundea. Fundazio honek antolatutako lehiaketan saritu dute Aitziber Almandozek egindako Arnasketa-Fisioterapia Hezkuntzan lana.

Lovexair Fundazioak arnasketa-fisioterapiaren inguruan antolatutako lehiaketa irabazi du Aitziber Almandoz Larralde aranztarrak. Lovexair irabazi asmorik gabeko fundazioa da, arnasketa arazoak eta biriketako gaixotasunak dituztenei eta hauen zaintzaileei eta osasungintzako profesionalei laguntza ematen aritzen den erakundea.

Arnasketa lantzen duten fisioterapeutei zuzendutako Tu testimonio como Profesional (profesional gisa zure lekukotasuna) lehiaketa antolatu zuen, «alor honetan egiten diren lanik onenak ezagutu eta ezagutarazteko asmoz, gisa honetara gainontzeko fisioterapeutek eta batez ere gaixoek metodo berritzaileen onurak jaso ditzaten». Eta aurkeztutako lanen artean Aitziberrena izan da aukeratua: Arnasketa-Fisioterapia Hezkuntzan izeneko lana, hain zuzen.

Epaimahaiaren arabera, Arantzako gaztearen lana «Fundazioaren proiektuarekin bat dator, originaltasunagatik nabarmentzen da, baita zorroztasun zientifikoagatik ere erabiltzen dituen teknikagatik, eta argi eta zehatz tratamenduaren prozesua azaltzen duelako ere bai». Gaineratu dutenez, «pediatriako arnasketa fisioterapia era ludikoan terapietara hurbiltzeko beharra badago eta hori lan honetan garbi gelditu da». Lehiaketara aurkeztutako lanen maila altua ere azpimarratu du Fundazioak.

Aitziber Almandozek pozik hartu du saria eta TTIPI-TTAPAri adierazi dionez, «arnasketa hezkuntzan lantzea da berrikuntza eta horrek eraman gaitu saria irabaztera. Egiten dugun lana aintzat hartzeko balio izatea espero dugu». Saria lankide guztiena dela gaineratu du aranztarrak, «eta bereziki parte hartu duten haurrena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun