Bizikleta protagonista izanen da Berako besten aitzineko asteburuan

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 26a

Kadete mailako X. Bera Saria antolatu du larunbat arratsalderako Gure Txokoak. Artxiboko argazkia

Kadeteei zuzendutako X. Bera Saria jokatuko da larunbat arratsaldean eta Bizikletaren Eguna ospatuko da igandean

Besten aitzineko asteburuan hainbat ekitaldi antolatu dituzte aurten ere Beran eta bizikletak protagonismo berezia izanen du.

Besten aitzineko asteburuan hainbat ekitaldi antolatu dituzte aurten ere Beran eta bizikletak protagonismo berezia izanen du.

Honela, uztailaren 27an, larunbat arratsaldeko 5:00etan txirrindulari kadeteei zuzendutako Berako X. Saria antolatu du Gure Txokoak. 53,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Bidasoa Karrikatik abiatu eta Agerra, Berrizaun, Bera, Lizuniaga, Zia Auzoa, Malet, Bera, Agerra, Berrizaun, Bera, Lizuniaga, Zia Auzoa, Malet, Bera, Agerra eta Berrizaunen barna, berriz ere Beran helmugaratzeko.

Egun berean, 17:45ean herri kirol jaialdia antolatu dute Toki Onako patioan Nafarroako Herri Kirol Federazioak eta Berako Herri Kirol Taldeak. Herriz herri txapelketako lehen saioa izanen da eta lehenbiziko zatiko proba konbinatuan koxkor biltzea, zaku lasterketa, korrika, arpana eta aizkora izanen dute eta bigarrenean, txinga (40 kilo), ingudea eta harri jasotzea.

Larun-Haizpe merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkartearen eskutik, berriz, tonbola besta eginen da Altzateko plazan 19:00etan.

Igandean, uztailaren 28an, Bizikleta Eguna ospatuko da, parte hartu nahi duen guziarendako. 10:30ean adin guztientzako bizikleta martxa abiatuko da. Ondotik, haur eta gazteentzako jolasak bizikletarekin eta opari zozketa Toki Onako patioan.

Igande goizeko 10:30ean, Plater tiroa foso modalitatean ere antolatu du Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak.

Uztailaren 29an, astelehenarekin, Bidasoaldeko XVII. Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdiko saioa izanen da 20:00etan eskolako frontoian. Taiwaneko Yuan Yuan, Tatarstango Miras eta Behobiako Eraiki Dantza taldekoak ariko dira.

 

Arte erakusketa

Bertze aldetik, Mikel Telletxearen arte erakusketa (pintura, bideoa, argazkia) ikusgai dago Kultur Etxeko erakusgelan uztailaren 23tik abuztuaren 11ra arte. Egunero idekia izanen da 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, igande arratsaldetan eta astelehenetan izan ezik. Berako bestetan ere arratsaldez itxia egonen da eta San Esteban egunez egun osoz itxia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun