Paueko Auzitegiak ez du onartu Beñat Atorrasagasti Lesakako iheslari politikoaren aurka Espainiak egindako euroagindu eskaria. Epaileak forma akatsak atzeman ditu euroagindu eskarian, eta ez du eskaera onartu. Prokuradoreak iritzi bera eman zuen joan den asteartean Atorrasagistiri egindako epaiketan. Ebazpenaren ondotik, hiru eguneko epea du prokuradoreak helegitea jartzeko, baina, eskariaren kontra izanik, ez da espero halakorik.
Frantziako Poliziak ekainaren 24an atxilotu zuen Atorrasagasti, Urruñan (Lapurdi). Egun berean, Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidea atxilotu zuten Heletan (Nafarroa Beherea). Atorrasagasti atxilotzeko prozeduran Schengen-eko akordioak baliatu zituzten, eta aurkeztutako aginduak 2003ko maiatzaren 30eko data zuen. Epaitegian Atorrasagastiren aurka aurkeztu zuten euroaginduak, berriz, ekainaren 13ko data zeukan. Akats horretan oinarrituz, prozedura bertan behera uztea eskatu zuen Amaia Errekarte defentsa abokatuak. Paueko epaileak ebatzi du, akats nabarmena dela medio, Atorrasagastiren aurkako euroagindurik ez dela existitzen. Ondorioz, libre utzi du Atorrasagasti, atxiloketa egunetik ezarri zion kontrol agindua kenduz.