81 entitatek berritu dute Bai Euskarari ziurtagiria aurten

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 11

2005ean, lehen ziurtagiri banaketako irudia. Goitian, 9 urte hauetako bilakaera. Artxiboko argazkia

Ziurtagiria eskuratu duten eragileek Euskara Mankomunitatean dirulaguntza eskatzeko epea irailaren 30a arte zabalik dago

Bai Euskarari Ziurtagiriarekin 2005ean hasi ziren Bortzirietan. Ha­rrez geroztik, makina bat entitatek euskararen aldeko konpromisoak hartu dituzte. Udaberri partean ziurtagiridunek hartutako konpromisoak ebaluatzen aritu da Bai Euskarari Ziurtagirien elkartea. Guztira, 81 entitatek berritu dute ziurtagiria, eta badira bi ziurtagiridun be­rri: Ireki Leihoak eta Usi Garbiketak.

Urteen joanean ziurtagiridunen kopurua gutxitu egin da. Azkeneko hiru urte hauetan Bortzirietan badira 90 inguru ziurtagiridun. Herri txikietan ziurtagiridun kopurua mantendu egin da egitasmoa abian jarri zenetik. Edozein gisatara, Bortzirietan ziurtagiridun kopuru handia da, eta neu­rri bereko Euskal Herriko eskualdeak konparatuz gero, gutxi izanen dira Bai Euskarari Ziurtagirien egitasmoak hainbertzeko eragina izan duten tokiak.

Azken 8 urte hauetan, Bai Euskarari Ziurtagiridunek mota guztietako konpromisoak hartu dituzte. Lorpenak aunitz izan dira, eta horiek agerian paratzeko 20 ziur­tagiridunen azterketa egin dute. Arlo ezberdinak eta herri guztiak ordezkatuak dira. Guztira, 66 neurri edo ekin­tza mota aztertu dituzte. Langileen kontrataziotik eta auto eskoletako irakaskuntza materialetik hasi, eta dendetako diru kutxetako tiketetaraino. Aipagarrienak, irudi korporatiboa eta erro­tulazioa, fakturak eta ordainagiriak, lehen hitza, publizitatea, webgunea, administrazioarekiko harremana, programa informatikoak, lan bilerak, lan kontratuak eta nominak edo argitalpenak izan dira.

Guztira 226 konpromiso edo lorpen neurtu dituzte (gogoan izan 20 ziurtagiridunei dagokiela egindako azterketak).

Bortzirietan euskarari buruzko gogoeta prozesua ere egin be­rri dute. Aldez aurretik egindako elkarrizketetan bazen kezka bat; Bai Euskarari egitasmoaren emaitzak ez direla behar bezala neurtzen eta ikusarazten.

Gogoetaren emai­tzetan, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu mundua euskalduntzeko helburu edo ildo estrategikoaren baitan, Bai Euskarari Ziurtagiriaren gaia kokatu da. Orokorrean, ziurtagiria dutenen lidergoa landu beharra azpimarratu da. Eta, zehazki, beha­rrezkoa dela gaur egungo planteamendua berrikustea, eta ziurtagiriaren gaineko gogoeta egitea eta berraktibatzea. Orain urtean behin egiten den segimenduaz harago, urtean zeharreko lan iraunkorra egin beharko litzateke. Horrez gain, Bai Euskarari Ziurtagiria indartu eta jendartera zabal­tzea premiazkotzat jo da.

DIRU LAGUNTZAK
Euskara mankomunitateak diru laguntza ematen die Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten entitate eta eragileei. Egunotan, gutuna jasoko dute argibideak ematen. Eskaera egiteko epea uztailaren 1etik irailaren 30a arte egonen da zabalik. Eskaera orriarekin batera faktura, ordaindu izanaren agiria eta IFZ aurkeztu beharko dira. Aurtengo kopurua honako hau izanen da: 42,50 euro (ziurtagiriaren oina­rrizko prezioaren % 50). Informazio guztia ikusgai dago mankomunitatearen webgunean, www.bortziriak.org helbidean.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun