Udan sartu berriak gara. Udaberria, aroaren aldetik ez da sobera luzitu… ikusiko dugu urte sasoi honek nola jarraitzen duen. Ea, kanpoko giroa gailentzen den eta eguraldi ederrez hornituriko hilabeteak izaten ditugun! Momentua bizi behar denez… eta heldu dena hartu, besta giroak ez du hutsik eginen gure herrian.
Beheko Pisutako bizilagunek uztailaren 27rako besta eguna iragarri dute. Egitarauan izanen direnak oraingoan ezin eman, ez direlako zehaztuak. Hurrengo alean, ordea, egunean zehar izanen dena kontatuko dugu.
Bertzetik, herriko besten osteko hitzordua, Arantza Rock 2013rekin izanen da. Datorren abuztuaren 24an jarri dute data. Zein musika taldek parte hartuko duten oraindik ez da segurua… beraz, ea hurrengoan ematen diguten berri hori. Jakin duguna da, Gazte Asanbladako hamabortz lagun gogotsu antolaketa lanetan ari direla.