LesaKAntuz kontzertu hunkigarria eskaini zuen ekainaren 28an Musika Bandak. Guzira 75 lagun igo ziren oholtzara eta Eskol Ttikiko aparkalekura hurbildu zen jendetzak ere izan zuen abesteko aukera.
Berez hunkigarria izan zen emanaldiak goia jo zuen bukaera aldera. Lehenik, Egoitz Telletxea bandakideak, 2007an mendian hildako Unai Etxepare eta Xabier Saralegi lesakarren eta Loro Pikabea eta Xabier Zubieta beratarren omenez konposatutako “Mendian gora” Biribilketa jo zuen bandak eta gero, Mikel Iriarte zuzendariari eskainitako pieza jo. Izan ere, 15 urte bete ditu zuzendari lanean eta hori eskertzeko, musikaz gain, espreski prestatutako bertsoak kantatu zizkioten Tomas Rekondok eta Marisol Perezek. Gainera, zuzendari makila ere oparitu zioten Iriarteri, azken pieza zuzentzeko.