Paueko Auzitegiak atzo aztertu zuen Beñat Atorrasagasti euskal iheslari politiko lesakarraren euroagindu eskaera eta bihar jakinen da Espainiaratzeko eskaera onartua izanen den ala ez. Prokuradoreak dosierrean hutsak bazirela iritzita, Atorrasagastiren euroagindua ezeztatzeko eskatu zuen.
Ekainean atxilotua
Frantziako Poliziak Beñat Atorrasagasti ekainaren 24an atxilotu zuen Urruñan eta biharamunean libre utzi zuten, epaiketa egin arte. Joan den urtean ere atxilotua izan zen, iazko uztailean zehazki, Edinburgon, Eskozian. Han bizi zen azken urteetan familiarekin. 1996. eta 2001. urteen artean ETArentzat garraio lanak egitea egotzita atxilotu zuten. Urtarrilean, Frantziako epaitegien esku utzi zuten, eta otsailean libre utzi zuten. Parisko Auzitegi Nagusiak epaitu, eta hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion. Ez zuten kartzelan sartu, ordea. Egotzitako gertakariak aspaldikoak zirela argudiatu zuen auzitegiko presidenteak, eta Atorrasagastik azken urteetan izandako bilakaera egokia izan zela.