Emakumezkoen arpana txapelketak eman zion hasiera uztailaren 8an Sanferminetako herri kirol jaialdiari. Inoizko parte hartzerik handienarekin, sei bikote aritu ziren nor baino nor. Ez zen ezusteko handiegirik izan ordea, azken aldiko kanporaketetan erakutsitako maila mantenduz, iazko txapeldunek, Nerea Sorondo eta Amaia Gartzia beraterrek berretsi baitzuten titulua.
Bost minutu eta bederatzi segundo behar izan zituzten 45 ontzako enborrari hamar epai emateko. Hala, txapela eskuratzeaz gain, marka berria ezarri zuten. Atzetik, 25 segundora Itxaso Onsalo aresoarrak eta Leire Astiazaranek osatutako bikotea sailkatu zen. Maila bikaina erakutsi zuten Patxi Larretxearekin entrenatzen duten lau neskek. Emakumezkoena bukatutakoan lehen mailako gizonezkoen txapelketa jokatu zen, bertan ez zen eskualdeko ordezkaririk izan eta Barberena anaiak izan ziren garaile.
Egunero kanporaketa eta erakustaldiak
Herri kirol zaleek hitzordua izanen dute egunero eguerdiko 12:00etan Foruen Plazan. Asteartean, uztailaren 9an, Ingude Altxatze Txapelketen txanda izanen da. Gizonezkoetan Josetxo Urrutia eta Lazaro Bujan leitzarrak eta Berako Herri Kirol Taldeko Aritz Izuzkiza izanen dira eskualdeko ordezkariak. Emakumezkoetan, Xanta Souza lesakarra eta Maika Ariztegi eta Nagore Diaz iturendarrak. San Fermin Motozerra Saria ere egun horretan jokatuko da eta bertan ariko da Oieregiko Esteban Arruti