Sasoiko dago Beñat Txoperena, Eki Sport taldeko txirrindulari igantziarra. Duela astebete Espainiako 23 urtez beheitiko errepideko txapelketan azpitxapeldun izan zen. Ekainaren 30ean, berriz, Mungia Sari Nagusian, Agustin Sagasti Memorialean irabazi zuen, denboraldiko lehen garaipena lortuz. Mendiko sailkapena ere igantziarrarentzat izan zen eta taldekako sailkapena ere Eki Sport bere taldeak irabazi zuen.
Lasterketa bikaina egin zuen Txoperenak eta azken itzulian, sei txirrindulariko taldetxoak segundu batzuk lortu eta gero, Laukiz eta Gatika arteko azken maldan eraso bortitza jo zuen, jendez gainezkoa zegoen Mungiako helmugan bakarrik helmugaratzeko. Hamar segundura ailegatu zen tropelaren buru Sergey Vdovi (Banesto) sartu zen eta Loic Chetout-ek (Naturgas Energia) osatu zuen podiuma.
Ekain bikaina osatu du Beñat Txoperenak. Mungiako garaipenaz gain, Espainiako errepideko txapelketan azpitxapeldun izan zen eta Euskadiko erlojuaren kontrako txapelketan hirugarren. Nafarroako Itzuliko podiumera ere igo zen. Denboraldi hasieran, profesionaletara salto egiteko tenorea ailegatu zitzaiola adierazi zion ttipi-ttapari eta errepidean erakusten ari da hori.