Puntoaren Nazioarteko Eguna ospatzeko trikota eta puntoa egitera karrikara atera ziren ekainaren 27an, ortzegun arratsaldean Beran. Beralandeta inguruan bildu zen emakume taldea punto eta trikota eskulanak erakustera eta horretaz gain, Beralandeta aitzineko zuhaitzak eta bankua puntoz egindako estalkiekin goxatzera. Ikusi argazkiak
Azkeneko lau urteotan trikota eta puntua egitera bildu den talde honetan 25 emakume izatera ere ailegatu dira eta bufandak, haurrendako arropak, koltxak eta bertzelako eskulanak egin dituzte. Hasiera batean Lixoia ostatuan biltzen ziren, baina azken aldian Beralandetan hartu dute aterpe. Ortzegunean, ikasturte bukaera ospatu zuten eta horretarako, Beralandeta aitzineko zuhaitzak eta bankua bere artelanekin estali dituzte, puntoaren “patchword” antzeko bat eginez. Azken emaitza, ageri denez, polita eta hagitz originala izan da.