Irati Otxoteko lesakarrak urrezko hiru domina lortu ditu Espainiako txapelketan

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 28a

Irati Otxoteko lesakarra eta Ana Belén Miguélez, Valentziako pistan. Utzitako argazkia

Itsu baten gidariarena eginez

Pistako txirrindulari­tza egokituko Espainiako txapelketak jokatu ziren ekainaren 1 eta 2an Valentzian eta Irati Otxo­teko lesakarrak tandem batean parte hartu zuen Leongo Ana Belén Miguélez itsuaren gidari moduan, emaitza onak lortuz. Hiru froga egin zituzten, abiadura, kilometroa eta jazarpena, guztiak pistan bakarrik eta kronoaren aurka egiten direnak. Hiruetan lortu zuten urrea eta abiadura frogan baita Espainiako errekorra ere. 
 
Abiadura proban, sei itzuli eta erdi egiten dituzte txirrindulariek eta abiadura hartu ondotik, azkeneko 200 metroak kronometratzen dira. 12,848 segunduko denbora egin zuten Iratik eta Ana Belének, Espainiako errekor berria.
 
Irati Otxoteko berria da txirrindularitza egokituan, «tandemaren mundu honetan Espainiako txapelketak baina aste bat lehenago hasi nintzen, taldekide batek arazo batzuk izan zituen eta ezin izan zuen lehiatu». Nahiz eta azken ordukoa izan eta tandemak koordinazio aunitz eskatu bi txirrindularien artean, bistan da elkar ongi hartu zutela lesakarrak eta Leon­goak.
 
Ekainaren 14 eta 15ean Segovian jokatu den txirrindularitza egokituko errepideko Munduko kopan ere izan ziren Ana Belén Miguélez eta Irati Otxoteko, errepideko tandemarekin. Erlojuaren kontrako proban 13. izan ziren eta lineakoan 11. Bi lehiaketetan Ingalate­rrako tandema izan zen garaile.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun