Azken urteetako ohiturari eutsiz, Sanferminen aitzineko asteburuan bestak antolatu dituzte Lesakako Zarandia auzoan. Umorea izaten da besta hauen ezaugarria eta honela, Gasteizko Celedonen antza handia zuen Zarandion jausten da balkoitik bestak iragartzeko edo Lesakako auzoetako “alkateei” omenaldiak eskaini zaizkie. Aurtengoan, horietaz gain, Zarandia Sevillako La Macarena auzoarekin senidetu da eta senidetze horrekin zerikusia izanen dute egitarauko ekitaldi aunitzek.
Hasteko, ekainaren 28an, ortziral arratsaldeko 7:00etan berendua izanen da eta 21:45ean abiatuta erromeria eginen da Eskol Ttikiko aparkalekura, bandaren kontzertua aditzera.
Larunbata, egun handia
Baina egun handia larunbata izanen da. 10:00etan altxaferua botako da eta txistularien kalejira eginen da. 10.30ean gosaria eginen da Intza Plazan (El Rocío). 11:00etan haurrentzako jokoak izanen dira Makarena plazan. 12:30ean auzoetako alkateei ongietorria eskainiko zaie eta Zarandionen jautsiera ere eginen da. Tour turistikoa auzoan barna, patio andaluzaren inaugurazioa eta “Tú eliges, nosotros decidimos” egitasmoaren barne, Zarandikutxa banko berriaren inaugurazioa ere eginen da. Poteoaren ondotik, 14:30ean auzoko bazkaria eginen da: entsalada, paella eta postrea. Bazkarian parte hartzeko Koxkillan eman behar da izena. Bazkal ondotik, bingoa, jokuak, peregrinazioa Intzara eta danborrada, entzierroa eta tiro al mono izanen dituzte. 20:00etan Sevillana autogestionatuak izanen dira eta 21:00etan “El encendido” eta berendu afaria. Gauez DJ-ak izanen dira Koxkillan.