Aurtengo bestak jasangarriagoak izanen dira Bortzirietan

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 27a

Artxiboko argazkia

Bortzirietako Mankomunitateak, Bera eta Lesakako Udalek, Nafarroako Gobernuak CRANAren bitartez, Ecoembes eta Ecovidrio hainbat ekintza sustatzen ari dira jasangarritasuna bermatzeko. Hauen artean Bestetan ere, birziklatu kanpaina azpimarratu behar da, bestetan hondakinen bilketa berezia egiteko helburuarekin. Iniziatiba hau hondakin aunitz (beira eta ontziak batez ere) sortzen dituzten 35 bat ostatu, jatetxe eta txoznetan inguruan eginen da batez ere.
 
2012ko abenduan hostalaritzako establezimenduetan egin zen inkesta batean informazioa eta azpiegitura hobetzeko beharra antzeman zen. Horren harira, Bes­tetan ere, birziklatu kanpaina mar­txan jarri zen. Kanpaina honen barruan ostatu, jatetxe eta txoznei informazioa helarazteko bisita bat egiten zaie, bilketa zerbitzu berriaren inguruko argibideak emanez eta sensibilizazio materiala banatuz.
 
Berritasun nagusia beiraren bilketa zerbitzu berria izanen da, zeinetan ostatuetan beira atez ate bilduko den asteburuan zehar Lesaka eta Beran. Hori egin ahal izateko, aldez aurretik Bortzirietako Mankomunitateak beiraren bilketarako edukiontzi bereziak banatuko ditu.
 
Ekintza hauek osatzeko bizilagunei informazioa helaraziko zaie aldizkari lokalak, bestetako programa, e.a. erabiliz.
 
Parte hartzen duten establezimenduak errekonozitu eta saritzeko asmoz, “birziklapenaren batukada” kaleetan zehar ibiliko da. Batukadak bere ibilbidean zehar birziklapenarekin konpromisoa erakutsi duten ostatuei aipamen berezia eginen die, uztailaren 9an Lesakan eta abuztuaren 6an Beran.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun