Erasoen kontrako informazioa eskainiko zaie emakumeei Lesakako Sanferminetan

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 27a

Lila puntua aurkeztu zuten Lesakako Herriko Etxean. TTIPI-TTAPA

Informazio stand-a paratuko da ortziral eta larunbatean Herriko Etxeko arkupetan

Emakumeen aurkako indarkeria kasuak saihesteko kontzien­tziazio kanpaina egiteko eta erasoren bat gertatuko balitz sala­tzeko eta informazio zuzena eskaintzeko lila puntua jarriko du Bor­tzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Berdintasun Alorra­ren bidez, Lesakako Sanferminetako asteburuan, ortziralean eta larunbatean.
 
Orain artean salaketarik izan ez arren, emakumeen aurkako eraso eta jarrera bortzitzak bizi izan dira azken urteotan Lesakako Sanferminetan, zehazki eraso saia­kera bat eta drogen erabilera, hartzaile­ak kon­tzientzia galtzen du, erasotzaileak erraz­tasun guztiak izateko. Jokin Apezetxea, Man­ko­­mu­ni­tateko teknikari­ak ekainaren 14an egindako agerraldian aipatu duenez, «bai erasoa edo drogen erabilera, badirudi gure ingurutik kanpo gertatzen diren gertakizunak direla, baina Lesakako Sanferminetako asteburuan ere, masifikazioaren ondorioz, horrelako esperientziak bizitu direla jakinarazi eta salatzeaz gain, etorkizunekoak Lila Puntuaren bidez ekidin nahi ditugu». Teknikariarekin batera, Bor­tzirietako udal ordezkariak eta Toki Ona institutuko irakaslea ere izan dira agerraldian.
 
Kanpaina honen barnean, kontzientziazio liburuxka bat ere banatuko da ttipi-ttaparekin batera  Bortzirietako 2.500 etxetan. Sanferminetako standerako ere boluntarioak lortu nahi dituzte. Hortaz, ortziral edo larunbatean turnoa egin nahi dutenek 948 635036 telefonora deitu edo ssb@lesaka.net helbide elektronikora idatz dezakete. Xorroxin Irratiaren bidez 3 kuña ere grabatu dituzte, ostatuetan jarri eta kanten tartean kontzientziazio mezuak bidaltzeko: "Edozein era­sori aintzin egiteko gai zera, ez izan beldu­rrik, erran ezetz";  "Ser plasta o baboso no es ligar, es agredir", eta "Kasu eman edalontziekin, deus bota ez diezazuten". Asteburuan ibiliko den bestabuseko tiketak ere lila puntua eramanen dute.
 
Kanpaina honen bitartez, mezua transmititu nahi zaie emakume nahiz gizasemeei. Gizonek jakin behar dute ezetza ezetza dela eta horrelako gertaerak ikusten dituztenean ezetz errateko ere animatu nahi dituzte. Emakumezkoei dagokienez, ezetz errateko eskubidea dutela gogoan izan behar dute eta jarrera aktiboa izatera animatu nahi dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun