Ekainaren 8a egun gogoangarria izan zen herritarrentzat. Eskolaren 100. urteurreneko besta izan zen. Hainbat herritarrek, modu batean nola bertzean, auzolanean egindako lanaren fruitua izan zen eta egun ederra atera zen. Egunaren aitzineko, egun bereko eta geroko lanak egiteko herritarren partehartzea haundia izan da eta zinez eskergarria.
Garai bateko irakasle eta ikasleek elkarrekin solasteko eta garai bateko gertaerak oroitzeko tarte ugari izan ziren. Guzira ia 40 irakasle eta irakasle ohi bildu ziren; belaunaldi ezberdinetako dozenaka ikasle eta ikasle ohi… Giro berezia izan zen.
Goizeko aurkezpen ekitaldia eskolako patioko gorapean abiatu zen. Aitor Elexpuru eskolako zuzendariak gidari lanak egin zituen; Jaime Iturria alkateak eta Martin Legarra apezak ere hitz batzuk eskaini zituzten, eskolaren eginbeharra goraipatuz. Ondotik, herriko haurrek Axura etxalartarrak bere garaian Arantzako eskolako lanez egindako bertsoak kantatu zituzten: Las eternas obras de la escuela de Aranaz. Urte aunitz iraun zuten eskolako lanek. Mendeurreneko logo berria ezagutzeko aukera ere izan zen, Mikel San Roman artistak egina. Irudiari erreparatuz, jakinduriaren sinbolo den hontza ageri da, eta enborrak eta hontzaren begiek 100. urteurrena islatzen dute. Horrez gain, berri ona jaso zuten herritarrek alkatearen ahotik. Eskolako eraikina ttiki gelditu da eta haunditze lanak egiteko azkeneko tramiteak egitera doaz eta udan, gela berri bat egiteko lanak egin nahi dituzte.
Segidan, gimnasioan argazki eta material erakusketaz gozatu zuten guziek. Sebastian Lizaso eta Millan Telleria bertsolariek kantatu eta gero, dantzari eta txistularien saioa izan zen. Trikitilariek kalejira egin zuten.
OMENALDIA
Ia 300 bazkaltiar bildu ziren frontoian. Bazkalostean, Juanita Larralde 37 urtez irakasle denak eta ia 25 urtez sukaldaria den Sagrario Iparragirrek omenaldia jaso zuten. Herriko kantariak, akordeiolariak eta bertsolariak ere aritu ziren. Egun honetarako egindako kanta ere kantatu zuten. Arratsean pintxoak eta ogitartekoak izan ziren eta Agerraldek arratseko giroa alaitu zuen.