Jesus Alacid omendu du herriko saskibaloi taldeak

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 27a

Utzitako argazkia

Aunitz zor dio saskibaloiak Jesus Alacid Clementeri. 1999an, hutsetik abiatuta, mutiko talde bat entrenatzen hasi zen eta bi urte beranduago, kadete mailako Toki-Ona Bortziriak saskibaloi taldea sortu zuen. Aurten, 70 bat neska-mutiko lehiatu dira Berako taldearen izenean kategoria ezberdinetan eta ber­tze 30 neska-mutiko baino gehiago ari dira kategoria ttikiagoetan entrena­tzen. Heldu den denboraldian taldea uzteko asmoa duela eta, omenaldia eskaini diote Beran Jesus Alacid-i. Ekainaren 8an, 3x3 saskibaloi partidak jokatu zituzten kiroldegian eta gero Altzateko frontoian 110 bat lagun bildu ziren bazkaltzera. Bazkalondoan ezusteko omenaldi hunkigarria jaso zuen Jesus Alacidek. Hain zuzen, gaur egungo talde ezberdinen eta garai bateko jokalarien artean egindako bideoa ikusi zuten. Gero, koadroa eta txapela eskaini zizkioten Alacid-i. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun