Beñat Txoperenak zilarrezko domina eskuratu du 23 urtez beheitiko Espainiako txapelketan

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 26a

Beñat Txoperena Espainiako 23 urtez beheitiko txirrindularitza txapelketako podiumean. Bigarren izan zen. Utzitako argazkia

Leonen jokatutako errepideko txapelketan bigarren izan zen, Kantabriako Mario Gonzalezen gibeletik

Beñat Txoperenak zilarrezko domina eskuratu du asteburu honetan Leongo Bembibre hirian jokatu den 23 urtez beheitiko Espainiako errepideko txirrindularitza txapelketan. Igantziarra, txapeldun izan zen Kantabriako Mario Gonzalezekin eskapatua ailegatu zen helmugara, baina hau gailendu zitzaion azkenean.

Beñat Txoperenak zilarrezko domina eskuratu du asteburu honetan Leongo Bembibre hirian jokatu den 23 urtez beheitiko Espainiako errepideko txirrindularitza txapelketan. Igantziarra, txapeldun izan zen Kantabriako Mario Gonzalezekin eskapatua ailegatu zen helmugara, baina hau gailendu zitzaion azkenean.

134 kilometroko lasterketa egiteko 119 txirrindulari bildu ziren irteera puntuan. Hasierako ihesaldien ondotik, hamasei laguneko taldea osatu zen lasterketa buruan, tartean Beñat Txoperena bera zela. Tropela gibelean utzita, beraien artean erabaki zen txapelduna. Pixkanaka, 16ko taldetxotik txirrindulariak gelditzen joan ziren, lasterketaren gogortasuna zela medio, ez baitzuen atsedenerako tokirik eta haizeak gogor jotzen zuelako.

104 kilometroan bost txirrindulari bakarrik gelditu ziren aitzinean eta taldetxo horretatik Gonzalezek eta Txoperenak aldegin zuten helmugarako 20 kilometro falta zirela. Helmugan, kantabriarra nagusitu zitzaion igantziarrari. Beñat Txoperenak kantabriarraren nagusitasuna onartu zuen eta aipatu zuenez, «guri komeni ez zitzaigun lasterketa egoera moldatzeko lan egitea suertatu zaigu eta erori ere egin naiz, baina emaitzarekin aski kontent gelditu naiz».

Espainiako errepideko txapelketan azpitxapeldun izan aitzinetik, Euskadiko erlujuaren kontrako txapelketan hirugarren izan zen eta Nafarroako Itzuliko podiumera ere igo zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun