San Juan bezperarako ekitaldia burutu du aurten ere Lesakan Euskara Batzordeak, Lesaka euskararen arnasgune goiburupean. Hainbat ekitaldi izan ziren egun osoan, baina azpimarratzekoa da San Juan bezperako sua, joan den abenduaren 15ean 100 urte bete zituzen Cristina Maia Bergarak piztu zuela. Ikusi argazkiak
Lehendikan, arratsaldeko 5:30 aldera, plazatik abiatuta Lesakako mairu eta kristauen besta bisita gidatua egin zen Rafael Eneterreagarekin, txistulariek lagunduta. Ondotik, haurrentzako jolasak izan ziren eta aurpegiak margotzeko aukera ere izan zen. Arratsaldeko 8:00ak aldera egin zen ekitaldi nagusia. Lehenik, Iban Garro eta Eneko Fernandezek bertso pare bat kantatu zuten. Segidan, abesbatzak Txomin Artolaren Aberriaren mugak kantatu zuen eta haurrek Esne Beltzaren Euskaraz bizi nahi dut kantuaren koreografia dantzatu zuten kioskoan. Bukatzeko, denek batera Biziberrituz euskara kantatu zuten, Tantirumairu doinu zaharra oinartu hartuta, Gaizka Sarasolak egokitutako kantua. Gero, sua piztu zen Plaza Zaharrean. Sua pizteko ardura herriko emakumerik zaharrenak, 100 urteko Cristina Maia Bergarak izan zuen. Bere semeek eta bilobek lagunduta, ederki bete zuen lana eta horren ondotik, suaren gainetik saltoka ibili ziren neska-mutikoak.
Dantzariek giroa paratu zuten eta afari berendua ere izan zen. Batzuk, Euskara Batzordeak paratutako txoznetatik hartu zituzten jan-edatekoak eta bertze batzuk etxetik eraman eta plazaren bueltan paratutako mahaietan afaldu zuten. Musika ere izan zen DJ Endararekin.
Lesaka euskararen arnasgune
Lesakako Euskara batzordeak agiria prestatua zuen San Juan bezperako ekitaldi honetarako eta hori ere irakurri zuten. Bertan aipatzen zenez, “Lesaka UEMAn sartu berri da. UEMA udalerri euskaldunen mankomunitatea da. Udalak Lesakan arlo guztietan euskaraz bizitzeko baldintzak paratu nahi ditu, bere barne eta kanpo harremanak euskalduntzetik hasita. Betiere, euskaldunon hizkuntza eskubideak babestea izanen du helburu.
UEMA, euskara nagusi den lurraldea. 71 udalerri eta 250.000 biztanletik gora gara. Elkarrekin indar handiagoa egiten dugu euskararen alde.
Lesaka euskararen arnasgune. Zer erran nahi dugu horrekin? Natura bezala, hizkuntza eta kultura ere babestu beharrak direla. Lesakan euskarak belaunaldiz belaunaldi jarraipena izan du. Euskara natural bizi dugu. Euskara nonahi eta noranahiko dugu hemen.
Gu bagara toki erdaldunduentzat eredu. Euskarak atzeraka egin du mendeetan, bai lurraldean, bai erabilera esparruetan. Arnasguneak zabalduta euskararen eta euskal hiztunen geroa ziurtatuko dugu. Eta hori gu guztion ardura da. Arnasguneak zaindu eta hedatu ezean, alferrikakoak izanen dira euskararen aldeko ahalegin oro. Hortaz, lesakarrok badugu zer ekarria euskararen biziberritzean”.