Bortzirietako Mankomunitateak, Bera eta Lesakako Udalek, Nafar Gobernuak CRANAren bitartez, Ecoembesek eta Ecovidriok hainbat ekintza sustatzen ari dira jasangarritasuna bermatzeko. Ekintza hauen artean “Bestetan ere, birziklatu” kanpaina azpimarratu behar da, zeinak bestetan zehar hondakinen bilketa berezia egitea duen helburu. Iniziatiba hau hondakin aunitz (beira eta ontziak batez ere) sortzen dituzten 35 inguru ostatu, jatetxe eta txoznatan emanen da batez ere.
Beira bilketarako zerbitzu berria sortzaile berezientzat
2012ko abenduan ostalaritzako establezimenduetan egin zen inkesta batetan informazioa eta azpiegitura hobetzeko beharra antzeman zen.
Horren harira, “bestetan ere, birziklatu“ kanpaina martxan jarri zen. Kanpaina honen barruan ostatu, jatetxe eta txoznei informazioa helarazteko bisita bat egiten zaie. Honela, bilketa zerbitzu berriaren berri ematen zaie eta sensibilizazio materiala banatzen.
Berritasun nagusia beiraren bilketa zerbitzu berria izanen da, zeinetan ostatuetan beira atez ate bilduko den asteburuan zehar Lesaka eta Beran. Aldez aurretik Bortzirietako Mankomunitateak beiraren bilketarako edukiontzi bereziak banatuko ditu.
Ekintza hauek osatzeko bizilagunei informazioa helaraziko zaie aldizkari lokalak, bestetako programa… erabiliz.
Parte hartzen duten establezimenduak errekonozitu eta saritzeko asmoz, “birziklapenaren batukada” kaleetan zehar arituko da. Batukadak bere ibilbidean zehar birziklapenarekin konpromisoa erakutsi duten ostatuei aipamen berezia eginen die, uztailaren 9an Lesakan eta abuztuaren 6an Beran.
Bertze ekintza jasangarriak bestetan
Bestetan jasangarritasuna lortzeko bertze ekintza garrantzitsu bat bazkari herrikoietan sortzen diren hondakinen murrizketa da. Horretarako, mankomunitateak baxera eta edalontzi berrerabilgarriak jartzen ditu herritarren eskura, eta honela, behin-erabili-eta-bota motako plastikozko materiala erabiltzea ekiditen da.
Bestek ingurugiro-heziketarako testuinguru paregabea eskaintzen dute, herritarrak erlaxatuago eta parte hartzeko jarrera onarekin azaltzen baitira. Beraz, herritarrak kontzientziatu eta birziklapena emendatzeko aukera ona dira bestak.