San Juan bezperarako ekitaldia antolatu du aurten ere Lesakan Euskara Batzordeak, Lesaka euskararen arnasgune goiburupean. Euskara Batzordeak, «natura bezala, hizkuntza eta kultura ere babestu beharrak direla» erran nahi du lelo honekin eta nolabait, «euskara natural bizi dugu eta toki erdaldunentzat eredu gara».
Ekitaldiei dagokienez, igandean 17:30ean plazatik abiatuta Lesakako mairu eta kristauen besta bisita gidatua eginen da Rafael Eneterreagarekin, txistulariek lagunduta. 18:30ean haurrentzako jolasak izanen dira eta aurpegiak margotzeko aukera ere izanen dute. 20:00etan eginen da ekitaldi nagusia. Haurrek Esne Beltzaren Euskaraz bizi nahi dut, abesbatzak Txomin Artolaren Aberriaren mugak eta denek batera Gaizka Sarasolaren Biziberrituz euskara kantatuko dute. 20:30ean sua piztuko da Plaza Zaharrean. Euskara Batzordeak bi su piztuko ditu, bat haurrentzat eta plazako eremuan ezin izanen da su gehiago piztu. Dantzariek giroa jarriko dute eta afari berendua ere eskainiko da. 21:30etik aitzinera musika izanen da DJ Endararekin.
Lesaka euskararen arnasgune
Lesakako Euskara batzordeak agiria prestatu du egun honen inguruan. Bertan ageri denez, «Lesaka UEMAn sartu berri da. UEMA udalerri euskaldunen mankomunitatea da. Udalak Lesakan arlo guztietan euskaraz bizitzeko baldintzak paratu nahi ditu, bere barne eta kanpo harremanak euskalduntzetik hasita. Betiere, euskaldunon hizkuntza eskubideak babestea izanen du helburu.
UEMA, euskara nagusi den lurraldea. 71 udalerri eta 250.000 biztanletik gora gara. Elkarrekin indar handiagoa egiten dugu euskararen alde.
Lesaka euskararen arnasgune. Zer erran nahi dugu horrekin? Natura bezala, hizkuntza eta kultura ere babestu beharrak direla. Lesakan euskarak belaunaldiz belaunaldi jarraipena izan du. Euskara natural bizi dugu. Euskara nonahi eta noranahiko dugu hemen.
Gu bagara toki erdaldunduentzat eredu. Euskarak atzeraka egin du mendeetan, bai lurraldean, bai erabilera esparruetan. Arnasguneak zabalduta euskararen eta euskal hiztunen geroa ziurtatuko dugu. Eta hori gu guztion ardura da. Arnasguneak zaindu eta hedatu ezean, alferrikakoak izanen dira euskararen aldeko ahalegin oro. Hortaz, lesakarrok badugu zer ekarria euskararen biziberritzean».