LesaKAntuz emanaldi hunkigarria eskaini zuen Lesakako Musika Bandak

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 1a

Saio dotorea eskaini zuen Lesakako Musika bandak. Juanjo Guerrero

Euskal kantuak abesteko aukera izan zuten entzuleek ere eta Mikel Iriarte zuzendaria omendu zuten

LesaKAntuz kontzertu hunkigarria eskaini zuen ekainaren 28an, ortziral arratsean Lesakako Musika Bandak eta bertze hainbat laguntzailek. Guzira 75 lagun igo ziren oholtzara musika jotzera edo kantatzera, baina Eskol Ttikiko aparkalekura hurbildu zen jendetzak izan zuen abesteko aukera ere. Ikusi argazkiak

LesaKAntuz kontzertu hunkigarria eskaini zuen ekainaren 28an, ortziral arratsean Lesakako Musika Bandak eta bertze hainbat laguntzailek. Guzira 75 lagun igo ziren oholtzara musika jotzera edo kantatzera, baina Eskol Ttikiko aparkalekura hurbildu zen jendetzak izan zuen abesteko aukera ere. Ikusi argazkiak

Kantu gehienetan, Josune Makibar, Inma Albisua eta Xabier Barriola aritu ziren kantari, baina bertso eskolako Josu Sanjurjo, Maddalen Lopez eta Eneko Fernandez ere aritu ziren eta ehundaka entzuleek ere ahotsa urratu beharrean aritu ziren Aitorren hizkuntza zaharra, Baserritarrak, Haurrak ikaszazue, Umepourri, Badira hiru aste, Haika mutil, Ardo gorri nafarra, Maritxu nora zoaz, Ama begira zazu, Bizkaipourri, Ikusi mendizaleak, Txantxibiri, Pello Joxepe, Furra Furra, Panderotxoa eta Xalbadorren heriotzean kantatuz.

Baina berez hunkigarria izan zen emanaldiak goia jo zuen bukaera aldera. Lehenik, Egoitz Telletxea bandakideak, 2007an mendian hildako Unai Etxepare eta Xabier Saralegi lesakarren eta Loro Pikabea eta Xabier Zubieta beratarren omenez konposatutako “Mendian gora” Biribilketa jo zuen bandak, lau mendizaleen irudia ageri zela eta gero, Mikel Iriarte zuzendariari eskainitako pieza jo zuten. Izan ere, 15 urte bete ditu zuzendari lanean Iriartek eta hori eskertzeko, musikaz gain, espreski prestatutako bertsoak kantatu zituen Eneko Fernandezek. Gainera, zuzendari makila ere jaso zuen hunkiturik.

Saioaren atsedenaldian, Lesakako balkoi loratuen lehen lehiaketako sariak ere banatu ziren. Lehenbiziko saria Kasinoko Josefina Sagardiak jaso zuen, bigarrena Albistur karrikako Jose Antonio Etxartek (honen faltan Juanjo Guerrerok hartu zuen) eta publikoak emandako hirugarren saria, Bittiria karrikako Xabier Fagoagarentzat izan zen, musika bandako kidea hain zuzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun