Maiatzaren 25ean burutu zen eskualdeko errepideetan Igantziko Biltokik antolatutako Bidasoaldeko II. Saria. Euskaldun txapelketarako puntuagarria izateaz gain, Nafarroako elite eta sub-23 txapelketak ere bertan erabaki ziren. Karrera Lizarteko Victor Martinek irabazi zuen (03:16:10) eta Higinio Fernandez taldekidea izan zen bigarren, 5 segundora. Seguros Bilbao taldeko David Casillasek eskuratu zuen podiumeko hirugarren koxka.
Nafarroako txapelketari dagokionez, elite mailakoa Kanpazar Harrobiko Sergio Tejadak irabazi zuen, nahiz 33. izan sailkapen orokorrean, irabazleak baino 9 minutu eta 20 segundo gehiagorekin. Sub-23 mailakoak hobeki ibili ziren. Telco’m taldeko Erik Altuna izan zen txapeldun. Sailkapen orokorrean seigarren izan zen, irabazleak baino 15 segundo gehiagorekin. Etxeko txirrindulariak, Gipuzkoa-Eki Sport taldeko Beñat Txoperena ere ongi ibili zen eta bederatzigarren sartu zen helmugara. Bigarren izan zen 23 urtez beheitiko Nafarroako txapelketan, herriko zaleen txalo artean. Talderik hoberena Lizarte izan zen.
Euskaldun txapelketarako baliagarria zenez, 130 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten.