San Migel zubian izandako gudaren bigarren mendeurrena gogoratzeko ekitaldiekin segitzen dute Beran. Ekaineko ortziral guzietan izanen diren solasaldietaz gain, herriko ikastetxeetako ikasleek egindako marrazkiekin zubia osatzen ari dira Kultur Etxean. Ikusi argazkiak
Hain zuzen, ikastetxeak San Migel Zubiaren Lagunekin elkarlanean ari dira Kultur Etxeko murala osatzen. Neska-mutiko bakoitzaren marrazki bakoitza, paperezko zubiaren harri bat da eta honela, pixkanaka osatuko dute paperezko San Migel zubia. Gisa honetara, ikasleek herriko historia ezagutzeaz gain, bigarren mendeurreneko ekitaldietan ere parte hartzen dute.
Ekaineko ortziral guzietan egiten ari diren solasaldiek ere bere bidea segitzen dute. Lehenbizikoa Fernando Mendiola, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia eta Ekonomia Erakundeen Arloko irakasleak eskaini zuen, Gerraren ondorioak biztanleri zibilaren artean historian zehar hizpide zuela.
Ekainaren 14an, Eduardo Martinez Lakabe historia katedradunak Nafarroako Unibertitate Publikoan aritu zen solasean, Efectos de la guerra en Navarra a lo largo del siglo XIX gaiaren inguruan.
Ortziral honetan, ekainak 21, Askatzaile faltsuak, benetako borreroak: emakumeen bortxaketa sistematikoak eta biztanleri zibilaren sarraskia Donostian 1813 urtean solasaldia emanen du Lola Valverde Lamsfus, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikide katedradunak, 19:30etik aitzinera Beralandetan.
Ekainaren 28an, Berako Fernando Mikelarenak, Zaragozako Unibertsitateko irakasle titularrak, Efectos de las guerras sobre la población de Bera y de Bortziriak a lo largo de la historia. 1813: el episodio más dramático solasaldia eskainiko du, 19:30etik aitzinera Beralandetan.