Lila puntuan erasoen kontrako informazioa eskainiko zaie emakumeei Lesakako sanferminetan

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 14a

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako teknikariarekin batera, udal ordezkariak eta Toki Ona institutuko irakaslea izan dira agerraldian. Aitor Arotzena

Kontzientziazio kanpaina zabalago baten baitan, informazio stand-a paratuko da bestetako ortziral eta larunbatean Herriko Etxeko arkupetan

Emakumeen aurkako indarkeria kasuak saihesteko kontzientziazio kanpaina egiteko eta horietakoren bat gertatu balitz salatzeko eta informazio zuzena eskaintzeko lila puntua jarriko du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Berdintasun Alorraren bidez, Lesakako Sanferminetako asteburuan, ortziralean eta larunbatean.

Emakumeen aurkako indarkeria kasuak saihesteko kontzientziazio kanpaina egiteko eta horietakoren bat gertatu balitz salatzeko eta informazio zuzena eskaintzeko lila puntua jarriko du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Berdintasun Alorraren bidez, Lesakako Sanferminetako asteburuan, ortziralean eta larunbatean.

Orain artean salaketarik izan ez arren, Osasun Etxearekin, Foruzaingoarekin, udaltzainekin eta Lesakako Udalarekin solastu ondotik jakin dute emakumeen aurkako eraso eta jarrera bortzitzak bizitu izan direla azken urteotan Lesakako Sanferminetan, zehazki eraso saiakera bat eta drogen erabilera, hartzaileak kontzientzia galtzen du, erasotzaileak erraztasun guztiak izateko. Jokin Apezetxea, Mankomunitateko teknikariak ekainaren 14an egindako agerraldian aipatu duenez, «bai erasoa edo drogen erabilera, badirudi gure ingurutik kanpo gertatzen diren gertakizunak direla, baina Lesakako Sanferminetako asteburuan ere, masifikazioaren ondorioz, horrelako esperientziak bizitu direla jakinarazi eta salatzeaz gain, etorkizunekoak Lila Puntuaren bidez ekidin nahi ditugu». Teknikariarekin batera, Bortzirietako udal ordezkariak eta Toki Ona institutuko irakaslea ere izan dira agerraldian.

Kanpaina honen barnean, Sanferminetako lila puntuaz gain, despiste kanpaina ere egin dute, lila puntuaren kartelak jarriz eta kontzientziazio liburuxka bat ere banatuko da ttipi-ttapa aldizkariarekin batera ekainaren azken astean Bortzirietako 2.500 etxetan. Sanferminetako standerako ere boluntarioak lortu nahi dituzte. Hortaz, ortziral edo larunbaterako turnoak egin nahi dutenek 948 635036 telefonora deitu edo ssb@lesaka.net helbide elektronikora idatz dezakete. Boluntario hauendako eta ostalariendako formazio saioak eginen dira ekain hondarrean. Xorroxin Irratiaren bidez 3 kuña ere grabatu dituzte, ostatuetan jarri eta kanten tartean kontzientziazio mezuak bidaltzeko. Hiruetan mezu garbia azaltzen da: "Edozein erasori aintzin egiteko gai zera, ez izan beldurrik, erran ezetz";  "Ser plasta o baboso no es ligar, es agredir", eta "Kasu eman edalontziekin, deus bota ez diezazuten". Aipatu asteburuan ibiliko den bestabuseko tiketak ere lila puntua eramanen dutela.

Kanpaina honen bitartez, mezua transmititu nahi zaie emakume nahiz gizasemeei. Gizonek jakin behar dute ezetza ezetza dela eta «astuna edo babosoa izatea, ez dela ligatzea». Horrelako gertaerak ikusten dituztenean konplize ez izateko eta ezetz errateko ere animatu nahi dituzte. Emakumezkoei dagokienez, ezetz errateko eskubidea dutela gogoan izan behar dute eta jarrera aktiboa izan dezaten animatu nah dituzte, «kasu batzuetan ahotsa, begirada edo eskuak erabiliz erasoan ekidin daitekeelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun