Etxeei errotulua jartzeko asmoa martxan jarri da

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 13a

Gisa honetako errotuluak jarriko dira etxeetan. Utzitako argazkia

Udalak eta Euskara Batzordeak herriko etxeei errotulua jartzeko asmoa martxan paratu dute. Horretarako, etxe guztietara eskutitz bat bidali dute, proiektuaren berri emanez; eskutitz horretan bertan eskaera egin nahi dutenek beren datuak emateko aukera dute, eta herriko etxera eraman behar dute ekainaren 28a baino lehen.
 
Herritarrek 10 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte etxeko erro­tuluarengatik. Izan ere, proiektu hau finan­tzatzeko behar den diru gehiena apirilaren 28an herrian egin zen merkatuan bildu zen.
 
Interesa duten herritarrek eskaera egitea aski dute. Gainerako gestio guztiak (errotuluak eskatu, paratu...) euskara batzordeak eta udalak eginen dituztelako. Asmoa da uda  honetan dena egina izatea.
 
Etxeen errotulazioaren helburu nagusia  izen horiek erabiltzea da. Izan ere, azken urteotan etxeen izenak errateko ohitura aunitz galdu da, eta herriko gazteenek etxe izen aunitz ez dituzte ezagutu ere egiten. Orain dela ez urte aunitz gure etxeen izenak garrantzia handia izaten zuen, eta herritarrak ere etxearen izenarekin batera deitzen genituen: Maritxu Dominekoa, Joxe Etxartekoa...; orain, berriz, izena eta abizena erabiltzea zabalduago dago.
 
Badira izena paratua duten etxeak, baina gehienek ez dute horrelakorik. Euskara batzordeak eta udalak eginen duten errotulazio honen bitartez ahalik eta etxe gehienek bere plaka paratzea lortu nahi dute, eta herrian errotulu eredu berdina izatea ahalik eta etxe gehienetan. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun