Eguneroko borrokan, maitasuna da beraien arma. Oztopoen aurrean seme-alaben irrifar batek ematen diete indarra. Baina batzuetan ez da erraza izaten ezintasuna duen haur baten gurasoa izatea. Ikara, babes eza... sentitzen dituzte. Horregatik, esperientziak elkarbanatu eta elkarrekin lan egiteko taldea sortu dute Bortzirietan. Gurasoak eta profesionalak bilduko dira hilabetean behin. Taldean «ezintasunaz naturaltasunez hitz egiteko bidea» zabaldu nahi dute. Elkarrekin integrazioa lortzeko urratsak emateko.
E. IRAOLA
Zerk bultzatu zaituzte taldea sortzera?
Guraso bezala, gure kezkak elkarbanatu eta eguneroko borrokarako indarrak hartzeko gunea sortu nahi genuen. Ezintasunari buruz naturaltasunez solasteko eremu baten beharra zegoela nabaritzen genuen. Urteetan zehar eskualdean ikusi ditugun premia batzuen ondorioa ere izan da. Zenbaitetan aurrerapausoak ematea hagitz zaila izaten da, gizarte osoaren inplikazioa eskatzen duelako. Profesionalen laguntza ere beharrezkoa izaten da. Bizi osoan zehar borrokatu behar dugula dakigu gutariko askok. Borrokatu, gogor eta etenik gabe; bakarka aritu beharrean, taldean aritzeak bidea errazten du.
Zein da taldearen helburua?
Zure seme-alabak ezintasunen bat duela jakiten duzunean triste, babesik gabe eta galduta sentitzen zara. Taldeak egoera horri irtenbidea eman nahi dio. Izan ere, duzun hutsune bat betetzen du egoera berean daudenekin elkartzeak, ez zara artaldeko ardi beltza sentitzen. Gure kezkak, esperientziak... partekatzen ditugu eta ez dugu azalpen handirik eman beharrik. Berehala sentitzen dugu parean dugunak ulertzen gaituela. Konplizitatea berehala sortzen da.
Taldean nor biltzen zarete?
Ezintasuna duten haurren gurasoak eta profesionalak bat egin dugu. Ezintasunaz hitz egiten denean, argi utzi nahi dugu, epe laburrekoak eta luzekoak, biek dutela lekua gurean. Haurretako batzuk ezintasun fisiko edo psikologikoren bat dute, bertze batzuk edukitzeko arriskua. Denok ataka beretik ari gara pasatzen, gabezia bat dugu eta elkarrekin errazago eginen dugu aurrera.
Landa eremuan behar dituzuen zerbitzuak eskura dituzue?
Oraindik asko dugu lortzeko, landa eremuan edo hirian bizitzea ez baita gauza bera. Guk ez dugu Iruñara edo Donostiara bidaltzea nahi. Herrian bertan nahi ditugu behar ditugun zerbitzuak eta horiek lortzeko milaka eskari egin ditugu. Landa eremuan bizitzeak, dena den, bere alde onak baditu. Denok ezagutzen dugu elkar eta momenturik zailenetan babes handia jasotzen dugu. Osasun Zentroan eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean ere inplikazioa handia da, batez ere, Belen Compains, pediatra eta Jokin Apezetxea, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako langilearena.
Krisiak zein eragin izan du laguntzetan?
Betidanik izan gara gizarteko sektore ahulenetakoa. Laguntza gutxi jaso izan ditugu eta orain genituen apurrak asko murriztu dira. Terapiak, laguntzak… gure poltsikoetatik ordaintzen ditugu eta familiako ekonomian eragiten du horrek zuzen zuzenean. Onartezina da, baina beti bezala, ahulenak gara kaltetuenak.
Zein pauso eman behar dira erabateko integrazioa gertatu dadin?
Lehenengo pausoak familiek eman behar ditugula uste dut. Ez dugu ezkutatu edo lotsatu behar. Lagunei, eskolan, herrian... argi erakutsi behar dugu egoera: hau nire haurra da, arazo hau du eta honela tratatu behar da. Batez ere, gizartean dauden aurreiritziak desagertarazi behar dira. Gure haurrek min emanen dietela uste dute batzuk, biolentoak direla, baina ez da hala. Normaltasuna eskatzen dugu, jaso dezakegun babesik hoberena gizarteak ulertzea baita, desberdintasun eta errukirik sorrarazi gabe.