Orain dela 5 urte etxeko konpostaren inguruan kanpainak egiten hasi zen Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatea. Joan den urtean bertze pausu bat eman nahi izan zuen eta auzoko konpostarekin hasi zen. Horrela, pisuetan bizi den jendea eta lur zati bat ez duten familiei konposta egiteko eta beraien hondakin organikoak birziklatzeko aukera ematen zaie.
Hori dela eta, 2012ko ekainean lehenbiziko puntua paratu zen Berako Xubi-xabal auzoan. Hiri Hondakinen Mankomunitatetik jakinarazi dutenez «12 familiekin hasi ginen eta jada 20 familia inguru izanen gara. Asteartean, ekainak 11, urte bat pasatu eta gero, parte hartzen ari diren familien artean konposta banatu genuen. Konposta hau idortzen utzi dugu eta gero galbahetik pasa oraindik eginda ez dauden hondakinak bereizteko eta berriz ere konpostontzian sartzeko. Guztira 84,5 kilo konpost banatu ziren eta jendea hagitz kontent agertu zen».
Bertzalde, orain dela bi hilabete bertze hiru auzotan paratu ziren konpostontziak hor bizi diren bizilagunek konposta egiten hasi ahal izateko. Bi Berakoak dira eta hirugarrena Lesakakoa. Beran Iturlandeta karrikan eta Burga plazan paratu ziren eta Lesakan, berriz, Bittiria karrikan.
Guztira, lau puntuen artean, 70 familia inguru gehiago konpostatzen ari dira beraien hondakin organikoak. Gutti-gotti-betti 180 lagun izanen dira, beraz, urtean 13 Tona hondakin organiko inguru biltzen ahal dira. Modu honetan tona hauek ez dira bildu behar, Iruñera garraiatu eta han uzteagatik tasa ordaindu. Beraz, konposta egiteak onura aunitz ditu, bai ekonomikoak bai ekologikoak. Gainera, argazkian ikusten den bezela, hagitz kalitate oneko konposta ateratzen da gure lore eta baratzetan erabili ahal izateko.