Arantzak haundiki ospatu du eskolaren mendeurrena

Ttipi-Ttapa 2013ko ekainaren 10a

Ia 300 lagun bildu ziren frontoian egindako bazkarian.

Herri bazkarian ia 300 lagun bildu ziren

Euria izan zen larunbatean oztopo bakarra. Baina gainerakoan, aranztarrek ederki ospatu zuten eskolak 100 urte bete dituela aurten. Egun osoan egin ziren ekitaldietan jendetza bildu zen, bai goizean eskolako gorapean egindako ekitaldietara eta bai eguerditik aitzinera frontoian egin zirenetara ere. Ospakizun borobila mendeurrena gogoratzeko. Ikusi argazkiak.

Euria izan zen larunbatean oztopo bakarra. Gainerakoan, aranztarrek ederki ospatu zuten eskolak 100 urte bete dituela aurten. Goizean, eskolan elkartu zen jendea. Egunari hasiera emateko, ekitaldi instituzionala egin zen eta Aitor Elexpuru eskolako zuzendariak, Jaime Iturria alkateak eta Martin Legarra apezak hartu zuten hitza. Eskolaren historia kontatu zuen zuzendariak, eta horrez gain, hirurek eskolaren eginkizuna azpimarratu zuten. Ondotik, herriko haurrek bertso batzuk bota zituzten, Axura etxalartarrak bere garaian Arantzako eskolaz egindako bertsoak, hain zuzen: Las eternas obras de la escuela de Aranaz. Urte saila iraun baitzuten eskola egiteko lanek. Mendeurrenaren harira egin den logoa ere aurkeztu zuten, Mikel San Roman artistak egindako artelana. Irudian, bertzeak bertze, hontza ageri da, jakinduriaren sinboloa, eta enborrak eta hontzaren begiek 100. urteurrena irudikatzen dute.

Segidan trikitilarien txanda izan zen. Herrian barna ibili ziren eta eskolako gorapean, berriz, herriko dantzarien saioa izan zen. Ordu horretan ireki zen eskolako gimnasioan erakusketa ere. Jendetza bildu zen lehengo eta oraingo argazkiak ikustera eta garai bateko eskolako gela bat ere ikusi ahal izan zuten bildutakoek.

Eguerdian ia 300 lagun elkartu ziren frontoian bazkaltzeko. Irakasle eta irakasle ohi andana, ikasleak eta ikasle ohi aunitz, gurasoak... Laburbilduz, herritar saila. Eta bazkalondotik ere ez zen ekitaldirik falta izan: herriko abeslariek euren saioan bazkaltiarrak kantari paratu zituzten, ondotik herriko akordeoilariek saio polita eskaini zuten, Juanita Larralde eskolako irakasle denak eta Sagrario Iparragirre eskolako jangelako sukaldariak ere omenaldia jaso zuten... Millan Telleria eta Sebastian Lizaso bertsolariak ere lanean aritu ziren. Bitarte horretan, haurrak eskolan paratutako puzgarrietan saltoka aritu ziren. Arratsaldean txozna ere irekita egon zen frontoian. Ilunabarrean batukada, bideo proiekzioa eta pintxo jatea egin ziren. Gauean Agerralderekin jendea dantzan ibili zen goizaldera arte.

Euriak ere ez zuen galdu nahi izan Arantzako eskolaren mendeurreneko ospakizuna.

Ikusi argazki gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun