Igande honetarako, ekainaren 9rako, helduentzako marrazketa txapelketa azkarra eta haur-margoketaren eguna antolatu ditu Lesakako Beti Gazte elkarteak.
Helduen txapelketarako izen emateko epea ekainaren 8an, larunbat eguerdian itxiko da eta edozein margolarik parte har dezake, afizionatu edo profesionala izan. Inskripzioa libre eta doakoa da 948627637-625235379 (Patxi Saenz) edo 676575107 (Jesus Zapirain) telefonoetara deituz edo betigazte@betigazte.net helbide elektronikoaren bidez. Halere, inskripzioa lehiaketaren eguneko 9:00etatik 9:30 arte Beti Gazteko egoitzan egin daiteke.
Lehiaketa 9:30ean hasiko da eta 15:30ean bukatuko da. Euskarrian zigilua jarri behar da 9:00etatik 9:30ak arte Beti Gazte elkartearen egoitzan. Partehartzaile guztiek margotzeko materiala ekarriko dute. Hala ere, bakoitzari 20 euro emanen zaizkio bere gastuei aurre egiteko. Hiru sari emanen dira, 300, 200 eta 100 eurokoak. Herriko margolari onenarentzat ere 150 euroko saria izanen da. Margotzeko gaia Lesakako herrigunea izanen da. Margolanak erakusgai izanen dira egun horretako 19:00ak arte.
Haur-margoketaren eguna
Bertze aldetik, ttikienak bi mailatan banatuak ariko dira lehiaketan (LHko 1. 2 eta 3. mailak alde batetik eta 4. 5. eta 6. mailak bertzetik), igande goizeko 11etatik 13:00etara eta maila bakoitzeko irabazleak sari bat jasoko du. Parte hartzaile guztiei behar duten materiala emanen zaie: margoak, papera, taulak… Izena emateko epea ekainaren 7ko eguerdian bukatuko da eta horretarako, arestian aipatutako telefono eta helbide elektronikoaz gain, eskolan eta ikastolan egin daiteke. Hemen ere margolanen gaia Lesaka izanen da.
Zehaztasun gehiago www. betigazte.net webgunean.