Otsailean hasi eta maiatzera arte, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea gogoeta prozesuan aritu da. Azken bizpahiru asteotan prozesuan jasotako ideiak antolatu dituzte eta orain emaitzak aurkezteko tenorea iritsi zaie. Aurkezpena Beran eginen dute, ekainaren 7an, Toki Ona institututan, arratsaldeko 7:00etan. Ordu beteko iraupena izanen du saioak eta herritar orori zabaldua dago. Dena den, Antolatzaileek dei berezia egin nahi izan die, gogoeta prozesuan parte hartu dutenei eta euskara batzordeetako kideei. Gogoeta saioak hagitz jendetsuak izan ziren: lehenbizikoan euskararen egoera izan zuten aztergai, eta 80 lagunetik gora elkartu ziren. Bigarrengoan, berriz, etorkizunean lehentasunez landu beharreko lan ildoak eta egitasmoak izan zituzten hizpide 70 lagunetik gora. Bildutako emaitzekin 2014-2017 tartean euskara normalizatzeko erronkak eta lan ildoak finkatuko dituzte.