Eskolaren mendeurrena ospatuko dute larunbatean Arantzan

Ttipi-Ttapa 2013ko ekainaren 7a

Arantzako eskola 1913. urtean.

Egun osoko besta prestatu dute

10:30 aldera altxaferoa botako da eskolatik eta ekitaldi instituzionala eginen da. Orduan zabalduko da argazki eta lehenagoko eskolako materialen erakusketa ere. Hortik aitzinera, dantza saioa, herri bazkaria, bertso saioa, bideo proiekzioa, herriko akordeoilari, trikitilari eta abeslarien saioa, haurrentzako puzgarriak, txozna, batukada, dantzaldia... Denetarik izanen da. Mendeurrena behar bezala ospatzeko egitarau borobila prestatu dute aranztarrek elkarlanean.

Arantzako eskolak ehun urte beteko ditu aurten, eta mendeurrena behar bezala ospatzeko, ekitaldiz betetako eguna prestatu dute aranztarrek elkarlanean larunbat honetarako.

Goizean, 10:30 aldean altxaferoa botako dute eskolatik eta ekitaldi instituzionala eginen da. Aitor Elexpuru eskolako zuzendariak, Jaime Iturria alkateak eta Martin Legarra apezak solastuko dute eta logo berriaren aurkezpena ere eginen da. Bertso eskolako haurrek ere bertsoak kantatuko dituzte eta ondotik, herriko haur trikitilariek kalejira eginen dute. Bitartean eskolako gimnasioan argazki eta lehenagoko eskolako materialen erakusketa ikusgai izanen da. Egun horretan 12:00 arte egonen da erakusketa zabalik, baina biharamunean 12:00etatik 14:00etara irekita egonen da baita ekainaren 15ean 19:00etatik 21:00etara eta ekainaren 16an 12:00etatik 14:00etara ere.

12:00etan dantza saioa eginen dute. Alde batetik, herriko haurrek beuren dantza saioa eskainiko dute eta bertzetik, Arantzako Dantza dantzatuko da.

14:00etan herri bazkaria eginen da frontoian, Sebastian Lizaso eta Millan Telleria bertsolariekin. Bazkalondoan bertsolariez gain, eskolari buruzko proiekzio bat emanen da eta herriko akordeoilariek, trikitilariek eta abeslariek beuren saioa eskainiko dute.

Arratsaldean haurrentzako puzgarriak izanen dira plazan eta horrez gain, txozna ere zabalik izanen da frontoian.

20:00etatik aitzinera batukada herrian barna ibiliko da bazterrak alaitzen eta 21:00etan frontoian bokadillo jatea eginen da. 22:30ean dantzaldia izanen da frontoian Agerralderekin. Mendeurrena behar bezala ospatzeko egitarau borobila.

Mendeurrenaren kanta eta logoa

Mendeurrena dela eta, kanta bat prestatu dute Joseba Iratzoki musikariak eta Amaia Telletxea eta Idoia Etxeberria eskolako gurasoek. Bertzetik, logoa ere egin da eta Mikel San Roman artistak egindako artelana izan da. Eskolako fatxadan ere margotu dute, Unai Ruiz beratarrak, hain zuzen.

Arantzako eskolari buruzko datu eta xehetasun gehiago jakiteko, hemen TTIPI-TTAPA aldizkarian Juanita Larralde eskolako irakasleari eginiko elkarrizketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun