Altxata elkarteak hogei batgarren urtez antolatutako gasna eta artisauen feria eguna ospatu zen ekainaren 2an, igandean Etxalarren. Lehiaketara Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hamasei gasna aurkeztu ziren eta horien dastatze lanean hasi ziren epaimahaiko kideak. Gasna erdiak izan zituzten dastatzeko eta bertze erdiak zozketarako jarri ziren, euro bateko txarteletan.
Gasna lehiaketako epaimahaia Susana Garcia, Ines Arana, Iñaki Pikabea, Jose Mari Arburua eta Patxiku Irisarrik osatu zuten eta honek erabakia jakinarazi zuen plazan. Lehen saria, 120 eurokoa, Berako Socorro Almandozek aurkeztutako gasnarentzat izan zen. Bigarren saria, 90 euro, Arraiozko Elordi gasnategiarentzat eta hirugarren saria, 75 euro, Arizkungo SAT Gorramendi gasnategiarentzat izan zen.
Herrikoei dagokienez, 50 euroko lehen saria, berriz ere Josetxo Ariztegik eraman zuen Intzekobordara eta bigarrena, 30 euro, Isidro Ariztegik. Gasna aurkeztu zuten guziek hamabina euro jaso zituzten.
Sari banaketaren ondotik, herri bazkaria izan zuten etxalartarrek eta arratsaldean herriko dantzariek bere saioa eskaini zuten.
Gasnaz aparte, eskulangileen azoka ere izan zen Etxalarko plazan eta herriko trikitilariek girotu zuten eguerdi aldea. Egun osoan eskola zaharretan eskulanen erakusketa izan zen eta Iriondoan labrantzako tresna zaharren erakusketa izan zen ikusgai.