San Migel zubiko guduaren 200. urteurrena girotzen hasi dira Beran

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 31

Auzolanean txukundu ondotik, itxura ederra hartu du San Migel zubiak. Utzitako argazkia

Herriko ikasleek zubiaren historiaren berri izan dute

Elkar laguntzeko eta lan moldeak aldatzeko garaiak dira, arazoak banatzeko, baina baita pozak partitzeko eta elkartzeko garaiak ere. Beran, San Migel Zubiaren Lagunak eta Udalak, elkarlanean zenbait lan egiten ari dira. 2011ko irailean bildu zen San Migel zubiaren egoeraz kezkatutako taldetxo bat. Lanari ekin eta ondare honen zaharberritze eta berreskuratze lanean hasi zire burubelarri. 1813ko guduaren lekuko eta protagonista izan zen zubia eta aurten 200 urte beteko dira gertaera hartaz.
 
Azken hilabeteetan bertatik pasatu denak ikusi izanen du lanen bilakaera. Hasieran gutti batzuk ziren, baina gero eta boluntario gehiago bildu dira, auzolan taldea egin arte. Zubiaren zaharberritzea, bor­tziritar guziek goza dezaketen erre­alitatea da dagoeneko.
 
2013an, bigarren mendeurrenaren urtean, hainbat kultur ekitaldi prestatzen ari dira, zubian gertatutakoaz informatzeko eta bizilagunengan izan zuen eragina ezagutzeko. Gaurgero, Berako ikastetxetako ikasleek jaso dute San Migel Zubiaren Lagunak elkarteko kide baten bisita eta zubiaren historiaren berri izan dute. 
 
Goitiko argazkian ageri da zubia nola gelditu den auzolanaren ondotik eta hemendik aitzinera eginen diren ekitaldien berri ere emanen dugu pixkanaka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun