100 urte bete ditu Modesta Huartek

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 31

Utzitako argazkia

1913ko maiatzaren 17an sortu zen Modesta Huarte Iñarga Agerrako Huarte etxean. Mende bat beranduago etxe hori desagertua dago, baina 100 urte bete ditu Modestak eta ederki ospatu zuen Zalaingo Kamigua etxean, Paquito seme bakarrarekin, Mari Carmen Otamendi errainarekin, Francisco Javier bilobarekin, Elisa honen emaztearekin eta Leire eta Amaia birbilobekin. Berako Udalaren izenean, Marisol Taberna alkateak eta Isidora Agirre zinegotziak lore-xorta eta oroigarriak eman zizkioten. Biharamonean Ibardingo sagardotegian elkartu ziren, familia handiarekin. Modesta, hamar senideren artean gazteena zen. Hiru neska eta 7 mutiko izan ziren eta bi mutilek Argentinara joan behar izan zuten. 25 urterekin Patricio Iriarterekin ezkondu zen Modesta eta Funvera pareko kantinan bizitu eta aritu zen lanean. Mende honetan hainbat lanetan aritua da Modesta, ostatuan, labrantzan, surtidorean, kontrabandoan, jostun… Bere bizipenak laburbiltzeko aipatu digunez, «orduan lan egiteko bizi­tzen ginen, ez orain bezala, orain bizitzeko lan egiten da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun