Arantzako eskolak ehun urte beteko ditu aurten, eta mendeurrena behar bezala ospatzeko, ekitaldiz betetako eguna prestatu dute ekainaren 8rako. Sorpresak ere izanen dira. Juanita Larralde aranztarrak ongi ezagutzen du eskolaren martxa. 37 urte daramazki Arantzan irakasle, aitzinetik ikasle izan zen eta orduko «oroitzapen onak» dituela aitortu digu. Eskolaren ibilbidea ezagutu eta ekainaren 8ko bestaren berri jasotzeko berekin solastu gara. Herritar eta eskolan ibilitako guztiei parte hartzeko gonbitea luzatu die.
G. PIKABEA | ARANTZA
Nola sortu zen Arantzako eskola?
Oraingo eskola egiteko ideia Jadraque izeneko gizon batena izan zen. Nafarroako Gobernuko diputatua zen garai hartan eta eskola egiteko dirua lortu zuen. Eskola egiten hasi ziren, baina tartean, diputatu izateari utzi zion, eta eskola bukatu gabe dirua agortu zen. Gerora bukatu zen eskola, orain dela ehun urte. Orduan eskolan ibilitako batek kontatu didanez, bi gela ziren, neskena eta mutilena, eta 111 ume zeuden. Goiz-arratsaldez aritzen ziren, baina bazkaltzera etxera joaten omen ziren. Larunbatetan ere eskola izaten zuten eta arratsaldetan neskei laboreak erakusten zizkieten. Herrikoak eta baserrikoak nahiko bereiziak zeuden, herritarrak goiz-arratsaldez egunero joaten baitziren eskolara, eta baserrikoak ahal zutenean. Gainera, baserritar aunitzek eskolak mundua galdu behar zuela pentsatzen omen zuten eta umeak ez zituzten eskolara bidaltzen. Dena erdaraz ematen zuten, baina ikasi deus ere ez.
Nolakoa zen zu ikasle zinenean eskola?
Hiru gela zeuden, eta jantokia ere bai. 6 urterekin hasten zen eskolan eta 6-10 urteko neska-mutilak elkarrekin egoten ziren. 10-14 urtekoak banatu egiten zituzten, neskak batetik eta mutilak bertzetik. Irakasleak gazteleraz aritzen ziren, eta 14 urterekin certificado de escolaridad eman eta hemengoa horrekin bukatzen zen. Gainerakoan, baserritar eta herritarren arteko aldea ez zen hain nabaria, jantokiarekin goiz-arratsalde baserrikoak ere etortzen hasi zirelako.
Bere garaian Arantzan ikastola ere izan zen...
Francoren diktadurako azken urteetan, ikuspegi desberdineko apezak etorri ziren: On Esteban, On Francisco, On Martin... Eskolan dena erdaraz, irakasle ezezagunekin eta Haur Hezkuntzarik gabe zela ikusita, On Francisco mugitzen hasi zen. Ordurako ikastolen mugimendua hasia zen eta Nafarroako Gobernuarekin solastuta, euskara sustatzeko laguntza ttiki bat lortu zuen. Horrekin eta gurasoek ordaindu zutenarekin sortu zen ikastola, 1976an. Haurrak 3 urterekin hasi ziren ikastolara eta orduan hasi nintzen irakasle. Urte horietan, egoera aldatu egin zen, irakasle euskaldunak bidaltzen hasi ziren eta ikastolak zereginik ez zuela eta, 1986an ikastola eta eskola elkartu egin ziren.
Zenbat urte dituzu irakasle lanean?
37 urte daramatzat eta urteotan izan den aldaketa bistakoa da: helburuak eta hizkuntza aldatu dira, zikloak banatu dira, Berara joateko adina aldatu da... 1973-1974 ikasturtean 7. eta 8. mailak egitera Berara joaten hasi ziren, baina bide txarra, hizkuntza arrotza eta haurrak ez zutela errenditzen ikusi zen, 12 urterekin goiz esnatu behar izaten baitzuten. Horrek porrota suposatu zuen eta lana gogor eginez, 1987an 7. eta 8. mailak berriz Arantzan egitea lortu zen. Geroztik, Arantzan 14 urte arte egiten da. Aldaketa gehiago ere izan dira. Lehen dena tutoreak egin behar zuen eta orain espezialistak sartu dira, teknologia berriak ere bai, eta ratioak ere aldatu dira. Ni bakarrik 36 ikaslerekin egondua naiz, eta orain hiru adineko 15 ikaslerekin, banatu egiten dira. Zuzendariaren lana ere aldatu da, lehen aunitzetan etxean ari behar izaten zuen eta orain, liberatua dago. Horrez gain, lehen ez genuen logopedarik, ez orientatzailerik, ez laguntzailerik... Irakaskuntza aldatu egin da, eta helburuak ere bai.
Gaur egun, zein da eskolaren egoera?
Egoera ona da. 60 ikasle eta 11 irakasle gara. Espazioa da falta zaiguna, baina dirudienez, eskola haunditzeko obrak bideratuak daude. Halere, lege berriarekin beldurtuak gaude, ni irakasle hasi nintzen garaiko eredura bideratua baitago.
GONBIDAPENA
«Herritarrak ilusio haundiarekin ari gara ekainaren 8ko besta prestatzen. Aranztar guztien besta izanen da eta jendea animatzea nahi dugu. Irakasle ohiak, ikasle ohiak, gazteak, haurrak, helduak eta zaharrak... Denak ongietorriak izanen dira eta denak parte hartzera animatu nahi ditugu. Egun horretan, denok zerbait berezia sentituko dugu, gure bizipenak hor agertuko direlako. Egun osoko besta izanen da eta sorpresak ere izanen dira».