Beti Gazte eta Gure Txokoarekin futbolean eta pilotan aritzen dira Xabi Etxenike eta Andoni Arriola lesakarra eta Andoni Lazkanotegi beratarra, baina horretaz gain, atletismoa ere praktikatzen dute. Gure eskualdean atletismo talderik ez denez, Irungo Txingudi taldean ari dira. Asteburu honetan, Donostiako Anoeta estadioan jokatu dira Euskadiko jubenil eta junior mailako txapelketatik dominaz hornituak bueltatu dira hiruak.
Andoni Arriola Alava lesakarrak 4x100 metroko errelebo lasterketan parte hartu zuen eta urrezko domina jantzi zuen, Adrián Mazo, Xabier Lopez de Pariza eta Juan José Garrantxorekin batera. Lehenbizikoak izan ziren, 45 minutu eta 65 zentesimako marka bikainarekin eta Espainiako jubenil mailako bosgarren markarik onena egin zuten. Bakarka ere aritu zen Andoni Arriola. 100 metroko lasterketan bere markarik onena egin zuen (12,13 segundo) eta 200 metroko lasterketan ere denbora ona egin zuen (25,82 segundo).
Urrezko bigarren domina bertze lesakar batek lortu zuen: Xabi Etxenike Igantzik garaipena lortu zuen pisu jaurtiketan, 12,77 metroko jaurtiketa on batekin.
Andoni Lazkanotegi Matxiarena beratarrak eman zuen ezustekorik handiena. Berez, fondo erdiko korrikalaria da eta 800 metroko lasterketan parte hartu zuen, 2 minutu, 19 segundu eta 34 zentesimako marka lortuz. Baina ez zuen proba horretan domina lortu. Jabalina jaurtiketan lortu zuen zilarrezko domina, 31,68 metroko jaurtiketarekin.