Herri bozketaren ondotik, Lesakako Sanferminak iragarriko dituen kartela eta programaren azaleko eta kontrazaleko irudiak aukeratu dituzte Lesakan. Kartel irabazlea, Virginia Etxepare Triguerosen “Xuri, gorri eta berdea” da; programaren azala, Izantzu Pastor Ordokiren “Sanferminak zintzilik” eta programaren gibeleko azala, Nerea Ordoki Etxepetelekuren “Ostatuan”.
Kartel lehiaketara lau lan aurkeztu ziren, azal lehiaketara 10 lan eta kontrazal lehiaketara 39. Kartel nahiz programaren azal lehiaketako irabazleek, beraien lanak argitaratuak ikusteaz gain, 250na euroko saria izanen dute, herriko ostatu, denda edota zerbitzuetan gastatzeko eta oroigarria. Programaren gibeleko aldeko azal lehiaketaren irabazleak, berriz, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 100 euroko balioa duen bonoa eta oroigarria izanen ditu.