Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatzen dituen lasterketen baitan sartuko da aurten ere Bidasoaldeko Saria. 2011. urtean antolatu zuen lehen aldiz Igantziko Biltokiko txirrindularitza atalak eta aurten ere Biltoki izanen da antolatzaile.
Larunbat honetan eginen den aurtengo edizioak duela bi urtekoaren ibilbide beretsua izanen du, baina kilometraje handiagoa izanen du, 130 kilometro. Izan ere, 2011ko lasterketa 105 kilometrokoa zen, Lehendakari txapelketako 23 urtez azpikoen kategoriako lasterketa baterako aski, baina aurten elite kategoriako txirrindulariak ere aterako dira, beraz Euskaldun txapelketarako baliagarria izanen da eta horretarako 130 kilometroko ibilbidea prestatu dute: Igantzitik abiatuta, Berrizaun, Bera, Lesaka, Piedadeko gaina, Igantzi, Berrizaun, Sunbilla, Mugairi, Berrizaun, Bera, Lesaka, Piedadeko gaina, Igantzi, Berrizaun, Sunbilla, Berrizaun, Lesaka, Nabazko gaina, Lesaka, Berrizaun eta Igantzitik pasatu ondotik, Piedadeko gainean izanen du helmuga.
Orain bi urte, gaur egun profesionaletan ari den Yelco Gomez panamarrak irabazi zuen Piedaden.
Nafarroako txapelketa
Bidasoaldeko Sari honek, Nafarroako errepideko txapelketa ere erabakiko du. Beraz, elite eta sub-23 kategorietako lehenbiziko nafarrak, 2013ko Nafarroako errepideko txapeldun ere izanen dira. Bidasoaldeko II. Saria larunbatean 15:30ean abiatuko da eta Nafarroako Itzuliaren aitzineko astean denez, maila handiko parte hartze zabala espero da.